"Galtzea ez zaio inori gustatzen eta horrelako partiduak gutxiago". Ford Mugarriko entrenatzaile Edu Orgazen hitzak dira Egiaren aurkako norgehiagoka amaitu eta gutxira. "Espero nuen aldea estuagoa izatea, baina arazoak izan ditugu lehenengo zatian eta uste dut hor egon dela gakoa".
Entrenatzailearen iritziz kontraerasoan min handia egin die Egiak. "Sei metrotara larregi jaitsi gara eta sakontasun barik jokatu dugu defentsan. Uste dut hor harrapatu gaituztela. Lehenengo zatian distantzia hartu dute markagailuan". Atsedenean, markagailuak 15-19 jasotzen zuen.
Presioa eta urduritasuna
Presioak ere bere pisua izan zuen Arrasateko jokalarien artean. Egia hasieratik aurreratu zen markagailuan eta etxeko taldea atzetik joan zen denbora guztian. Bigarren zatian aldea bi puntura jaitsi lortu zuten, baina lau jokalarirekin gelditu ziren eta Egiak ondo baliatu zuen egoera hori. "Egia da taldea ez dagoela horrelako partiduak jokatzera ohituta", onartzen zuen Orgazek. "Atsedenean lasaitzen saiatu gara eta bigarren zatian gure betiko jokoa berreskuratzeko ahalegina egin dugu, baina Egia talde gogorra da. Urteak dira igoera faseak jokatzen dituztela, eta zerbaitegatik da".
Kepa Isasmendi jokalaria bat dator bere entrenatzailearen balorazioarekin. "Bagenekien Egiak kontraerasoan min asko egiten duela. Saiatu gara jaurtiketa denak bukatzen eta euren kontraerasoa apur bat saihesten. Saiatu gara, baina ezinezkoa izan da".
Arrasateko taldearendako amaitu da ametsa. "Orain hirugarren postu ziurtatu behar dugu", aurreratu du Orgazek. "Gelditzen zaizkigun norgehiagokak ondo jokatu behar ditugu. Indartsu atera behar dugu denboraldia behar den moduan bukatzeko".