Ford Mugarrik Barakaldo menderatu du bigarrengoz

Mireia Bikuña 2010ko urt. 31a, 15:54
Arrasatearrek 30-28 irabazi dute gaur goizean. Bi taldeek ikuskizun paregabea eskaini dute eta goi mailako eskubaloia jokatu dute. Edu Orgaz entrenatzaileak esan digu oraingo helburua igoera faserako txartela lortzea dela: "Igoera faserako sailkatu gura dugu, eta ezinbestean bigarren tokia mantendu behar dugu. Egiarekin eta Askartzarekin lehia estua izango dugu. Hamabost egun barru Egiarekin jokatuko dugu Arrasaten. Erabakigarria izan daiteke".

Ford Mugarri Arrasatek neurria hartu dio Barakaldori, eta, txapelketan bigarrengoz, mendean hartu zuen atzo Iturripen. Biak ala biak, goi mailako taldeak dira, eta ikuskizun paregabea eskaini zuten; baina une erabakigarrienean, urduri jarri ziren bizkaitarrak. Lehia 29 goletara berdintzeko bi jaurtiketak huts egin zituzten: lehena Asier atezainak geratu zuen, eta bigarrena balio barik utzi zuen epaileak areako marra zapaltzeagatik. Lehiako azken gola, Iturripeko zaleen gozamenerako, arrasatearrek egin zuten.

Intentsitate handikoa

Hasierako minututik erakutsi zuten bi taldeek sailkapeneko lehen bi tokietan zergatik dauden. Biak ala biak talde indartsuak dira, eta erasoan jaurtitzaile onak dituztenak, bai kanpoko jaurtitzaileak, baita sei metroko jaurtitzaileak ere. Hori horrela, intentsitate handiarekin irten ziren zelaira, eta defentsan lan gogorra egin zuten. Horren adibide, lehen bost minutuetan epaileek lau txartel hori erakutsi izana.
Lehen zatian bi taldeek izan zuten markagailua alde: arrasatearrek hiru goleko errenta izan zuten (5-2), eta bizkaitarrek bi golekoa (8-10 eta 9-11),baina, atsedenera, etxekoak heldu ziren aurretik (13-12).

Bigarrena, oso parekatua

Lehen zatia parekatua izan bazen, bigarrena parekatuagoa. Bi taldeak jarri ziren markagailuan aurretik gol bakar bategatik. Ford Mugarrik bi goleko tartea zabaldu zuen bederatzigarren (19-17) eta 15. minutuetan (23-21); baina bietan berdindu egin zuten bizkaitarrek.
Hiru goleko tartea ere izan zuten arrasatearrek (28-25, 24. minutuan) lehia erabakita uzteko. Baina Barakaldok asko estutu zuen, eta berdintzeko zorian egon zen. Azkenean, baina, urduri jarri eta txapelketako bigarren partidua galdu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak