Ford Mugarri eskubaloi taldeak lau puntu ditu, jada

Goiatz Arana Begiristain 2009ko urr. 4a, 23:09
Astean jokatu ditu Euskadiko Txapelketako lehen bi partiduak –eguenean, lehena; eta gaur, domeka, bigarrena– eta biak irabazi ditu. Ohi baino defentsa lan eskasagoa egin du Arrasateko taldeak gaur, Corazonistasen kontra, baina markagailuan aurretik joan da, une oro.

Partidu juxtua izan da Ford Mugarri eta Corazonistasen artekoa; oso berdindua, zati bietan. Arrasatekoak hasi dira irabazten, eta Gasteizkoak momentu bakar batean ere ez dira markagailuan aurretik ipini. Lehen zatian, pare bat goleko errenta izan du Ford Mugarrik, baina bukaera alderako laukoa izatera ailegatu da; markagailuak 14-10 emaitza erakusten zuen, atsedenera joan direnean. Bigarren zatiko lehen bost minutuetan, gasteiztarrek bi goletara murriztu dute aldea; gero, 4-5ekoa izatera pasa da, berriz; markagailua berdindu egin da, hurrena; eta arrasatearrek buelta eman diote, amaieran. Hala, 27-21 amaitu da neurketa, Iturripen, eta bi puntuak etxean geratu dira.

Defentsan, ohi baino ahulago

Garaipena eskuratu arren, Edu Orgaz entrenatzailea ez zegoen gustura taldeak egindako jokoarekin: "Ez dugu oso partidu ona egin, ez dugu erritmoa guk markatu eta kosta egin zaigu partiduan sartzea. Eurek, gainera, bakarkako joko asko egin dute eta hori ez da guri ondoen doakiguna". Hain justu, aurkarien bakarkako joko hori dela-eta, Arrasateko mutilak ez dira defentsan ohi bezain ondo ibili.

Edu Orgazen taldearentzat Euskadiko Txapelketako bigarren partidua izan da gaur, domeka, jokatu dutena. Lehendabizikoa joan den astean jokatzekoak ziren baina, Urdulizek hala eskatuta, eguenera atzeratu zuten. 31-25 emaitzarekin, Ford Mugarri izan zen nagusi eta, beraz, orain arte jokoan egon diren lau puntuak eskuratu ditu  Arrasateko taldeak. Uneotan, hiru talde daude berdinduta, launa punturekin, sailkapeneko lehen postuetan.

Usurbil eta Basauri

Hurrengo aste bukaeran ere saio bikoitza egingo dute Orgazen mutilek. Basauriren kontra neurtuko ditu indarrak, batetik; eta Usurbilen aurka, bestetik. Basaurik txapelketa oso ondo hasi ez duen arren, bikain amaitu zuen denboraldia eta, hortaz, neurketa gogorra izango delakoan daude arrasatearrak. Usurbili dagokionez, bestalde, lasaiago daude; aurten igo den taldea da eta, beraz, bi puntuak eskuratzea espero dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak