Flamenkoa, rocka eta txaloak El Puchero del Hortelano taldearekin

Arritxu Barruso 2008ko eka. 1a, 19:06

El Puchero del Hortelano talde granadarrak Arrasateko 3.60 aretoko giro hotza berotzea lortu zuen egubakoitzean. Lehenengo saiakerak huts egin zuen arren, bigarrenez eskatuta, jendea taula aurrera hurbiltzea lortu zuten. Bizpahiru kantu nahikoak izan ziren ikusleak txaloka eta dantzan ipintzeko.

Ez da batere erraza Granadako seikote honen estiloa zehaztea. Flamenko fusio gisa definitzen dute askok. Duda barik, flamenko doinuak dituzte oinarri. Baina, ordu eta hiru ordu laurden iraun zituen kontzertuan rock, rumba, funky, jazz eta pop estiloko doinuak entzuteko aukera izan zen egubakoitzean.

Gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, baxua, saxofoia, tronpeta eta perkusioa erabiltzen dituzte nahasketa hori lortzeko. Bira honetan, gainera, badute berrikuntzarik. 2006an Carles Lloveras gitarra-jotzaileak taldea utzi zuen eta Patricia Ramosek hartu dio lekua. Behin baino gehiagotan aho zabalik utzi zituen Cadizeko neska gazteak 3.60 aretora joandakoak, gitarra klasikoa jotzeko daukan abileziarekin.

'Harumaki'

El Puchero del Hortelano taldeak laugarren diskoa atera berri du kalera, Harumaki izenburupean. Hamaika abestik osatzen dute azkeneko disko hori.

Asuntos serios singelarekin aurkeztu zuten euren laugarren diskoa eta sekulako arrakasta lortu zuten. Orain bigarren singela, Tu eres eso, aurkezteko bira egiten dihardute.
3.60 aretoan ere argi ikusi zen ikusleak abesti bi horiek entzuteko irrikan zeudela. Dantza eta txalo mordoa eragin zituzten bereziki abesti horiek.

Euskal Herrian flamenko txaloak jotzeko abilezia handiegirik ez dagoela ere argi ikusi zen egubakoitzeko kontzertuan. Ez behintzat, eurak egiten duten artearekin. Baina saiatu, saiatu ziren El Puchero del Hortelano ikustera joandakoak, eta hori da garrantzitsuena. Batzuk hobeto, beste batzuek okerrago, baina,txaloak eta flamenko estiloko dantzak izan ziren nagusi 23:30ak eta 01:15ak bitartean 3.60 aretoan.

Bilbon bi kontzertu eta Iruñean beste bat eskani ostean, Katalunian jarraituko du bira El Puchero del Hortelanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak