Ferrerias kaleko jaietan egingo den afarirako txartelak, Tamayon salgai

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko uztailaren 23a

Astelehenean, uztailak 26, ospatuko dira Ferrerias kaleko jaiak. Santa Anak eta Kubako festa nazionalak bat egingo dute Arrasateko kalerik ezagunenean. Egitaraua urterokoa izango da; zertarako aldatu horren arrakastatsuak izaten diren ekitaldiak. Eguneko ekitaldi aipagarriena auzotarren eta euren lagunen afaria izango da, kalean bertan egiten dena. Txartelak Tamayo dendan daude salgai eta, printzipioz, zapatua izango da txartelok eskuratzeko azken eguna.

Hainbat urtetako lehorraldiaren ondoren 1988an berreskuratu ziren  Ferrerias kaleko jaiak. Urtebete lehenago, Iñaki Gurrutxaga Harristi-k deituta, hainbat auzotar bildu ziren udaletxean jaiak berreskuratzeko asmoz. Bada, duela 23 urte udaletxean bildu ziren gehienak jai batzordean daude egun eta urtez urte ez dute kalerik egiten uztailaren 26an. Auzotarrez gain, hainbat herritarrek egiten dute bat festa bereziarekin.

Egitaraua aldatzeko beharrik ez

Egitaraua urterokoa izango da: 9:00etan emango zaio hasiera jaiari, etxafuegokin. 12:00etan txistularien kalejira izango da eta 17:00etan haurrendako jolasak –zaku lasterketak, bestelako lasterketak eta denetariko jokoak– eta txokolatada izango dira. Iluntze aldera, 19:00etan, txistularien kalejira eta poteoa egingo dute, baita Ferreriasko hildakoen aldeko meza ere, parrokian. 19:15ean, berriz, berritasun modura, konpartsa txikiaren kalejira izango da. Azkenik 21:00etan herri afaria egingo dute eta horren ondoren, dantzaldiak ez du hutsik egingo.

Afarirako txartelak Tamayon daude salgai eta, printzipioz, zapatua da txartelok eskuratzeko azken eguna.
Bestalde, datorren Asteleheneko Goienkaria-n, festa ospatuko den egun berean, Iñaki Gurrutxaga Harristi-ri egindako elkarrizketa izango duzue irakurgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak