Kontu horiekin batera, eta Alternatiba-Zutik koalizioaren emendakin baten harira, etxez etxeko laguntzaren ordu kopurua handitzeko proposamena landuko dute zinegotziek. Eta Arrasate barruko autobus urbanoa berbagai izango dute. Hain justu, zerbitzu hori kontratatzeko prozedura erregulatzeko araudia aztertuko dute-eta.
Bestalde, Abaroa berrian izango den taberna ustiatzeko lehiaketaren baldintza orrien onespena ere gaurko gai zerrendan dute aurreikusita, eta gazteekin lotutako beste honako puntu hau ere bai: Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzeko proposamena, aterpekide txartelak banatzeko.
PP bidesarien kontra
Atal politikoan, berriz, mozio bat eztabaidatuko dute, alderdi popularrak aurkeztu duena. PP Gipuzkoako hainbat errepidetan bidesariak ipintzearen kontra dago. Itziar Lamarainek, popularren bozeramaileak salatzen du gipuzkoarrek dagoeneko ordaindu ditugula azpiegitura berri horiek eraikitzea eta mantentzea, Foru Aurrekontuen bitartez. Hori horrela, Lamarainek uste du bidesariak ipiniz gero, herritarrek "bi bider" ordainduko genukeela gauza berarengatik.
Zera ere gaineratu du: “Etxe barruko zirkulazioarendako ezinbestekoak diren N-1 bezalako errepideak ordaindu egin beharko lirateke eta horrek mugatu egingo zukeen gutako askoren askatasun mugimendua, alternatiba posiblerik ez dagoelako”.
Eta krisi garaia kontuan hartuta, eta garraioarekin lotutako arloek margen ekonomikorik ez dutela kontuan hartuta, Lamarainek uste du bidesari berriak aplikatzen badituzte, kasu askotan euren negozioak ixtea beste erremediorik ez dutela izango.