Fagor taldeak %35 gutxitu ditu galerak iazko lehen seihilekoarekin alderatuta

Ubane Madera 2010eko abuztuaren 31

Martitzenean jakinarazi ditu Fagor taldeak 2010eko lehen seihilekoaren emaitzak, eta horien arabera, aurtengo galerak %35 gutxitu ditu iazko jardunarekin konparatuta. Are gehiago Lerro Zuria negozioak zortzi milioi eurotik gorako emaitza operatibo positiboak eskuratu dituela eman dute aditzera, eta Fagorri dagokion Ebitda adierazle finantzaria %10 hazi dela (enpresaren errentagarritasun operatiboa neurtzen duen adierazlea).

Horiek dira Fagorrek jakinarazi dituen emaitza positiboak, baina negatiboak ere badituela gaineratu du, Besteak izeneko atalean. Kasu horretan, 5,7 milioi euroko galerak pilatu dituzte lehen seihileko honetan, hala ere, “2009ko epe berean izandako galerak baino 2,5 milioi euro gutxiago dira” galerok, zehaztu dute.

Zorra ere gutxitu

Fagor taldeko ordezkariek gaineratu dute “arrakastarekin” bukatu dutela “berregituraketa finantzaria, likidezia tentsio barik”. Eta iaz banketxeekin duten zorra 179 milioi eurotan gutxitzea lortu bazuten, 2010eko lehen seihilekoan beste 12 milioi eurotan gutxitu dute zor hori.

Inbertsioen atalari dagokionez, 24 milioi euro erabili dituzte, gehienak “berrikuntzan eta produktu berriak garatzen”.

Fagor taldetik adierazi dute emaitza horiek asko hobetu dituztela “Plan Estrategikorako aurreikuspenak; eta taldearen gaitasun konpetitiboa eta Europan bere sektorean betetzen duen bosgarren postua” kontsolidatu dituztela.

Nazioarteko indarra

Gaur egun Fagorrek 19 produkzio planta ditu sei herrialdetan: Espainia, Frantzia, Italia, Polonia, Marokko eta Txinan, eta filialak ere bai, bost kontinentetan. Hori horrela, Fagor taldearen fakturazioaren %71 kanpoko merkatuetatik dator.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak