Fagor Etxetresnak lantegiak 'showroom' berria du

Mirian Biteri 2010ko urr. 17a, 14:15
Fagor Etxetresna Elektrikoetako bezero eta hornitzaile asko batu ziren egubakoitz eguerdian taldeak Arrasaten duen San Andreseko lantegian. 'Showroom' edo erakusketa areto berritua ikusi nahi zuten guztiek; marka osatzen duten negozio linea guztietako produktuak ikus daitezke eremu berri horretan.

Inaugurazio ekitaldia Fagor Etxetresna Elektrikoetako zuzendari nagusi Fabian Bilbaoren hitzekin hasi zen. Eremua berritzeko egindako lana txalotu ostean, gogorarazi zuen aurrekoak 12 urte zituela, eta hortaz, berritzeko garaia zela. Haren esanetan, "konpainiak erreminta indartsu honen garapenean inbertitzearen alde egin du, horrek dudarik gabe, Fagor marka sendotzen lagunduko baitu, berritasunen eta berrikuntzen alde egiten duen konpainia baten erakusleiho izateaz gain".

Azken horren harira, areto berrituan aurki daitezkeen hainbat berrikuntza aipatu zituen; tartean, Karlos Argiñano sukaldari ospetsuak telebista programarako erabiltzen duen sukalde pertsonalizatua eta show cooking delakoa edo sukaldaritzan etengabe aritzeko aukera ematen duen espazioa. Azken eremu horretan zain zegoen Xabi sukaldaria, hitzaldien tartea amaitzen zenean txangurruz betetako krepeak eta onddo-rissotoa gertatzen hasteko. 

Espazio eremuak

Jarraian, erakusketa areto berrituaren diseinuaz arduratu den Zorrozua enpresako Luis Zorrozuak hartu zuen hitza. Emaitzarekin pozik geratu dela nabarmendu zuen lehenik, "ustekabeko areto berria eta modernoa" lortu dutelako, markaren betiko izaera abangoardistari erantzunez; horren harira, aurreko showroomak zuen eremu gardenekin hautsi egin dutela oraingoan, eta produktuen arabera sailkatutako espazio eremuak jarri dituztela azaldu zuen. 

800 metro koadro

San Andreseko plantan dagoen  areto berriak 800 metro koadro inguru ditu, eta hainbat giro birsortzen ditu, giro hurbilak eta etxekoak, non markako negozio linea guztiak batzen diren lehen aldiz. Hain justu, linea zurian, altzarietan, etxetresna txikietan, zaintza pertsonalean, sukaldeko tresneria profesionalean eta domotikan markak dituen azken berrikuntzak aurki daitezke. 

Esan bezala, inguru horretan show cooking kontzeptua sortu dute. Horretan, besteak beste, eskola magistralak, hitzaldiak zein formazio saioak eskaini nahi dituzte, neurri handi batean taldearen bezeroekiko harremanak eragingo dituztenak. Horren harira, Zorrozua enpresako kide Pedro Perezek azaldu zigun toki "bizia eta mugikorra" dela, momentu bakoitzaren beharretara egokitzen dena. 

Harreran dago show cooking; horren eskumatara, ostera, sukalde berriak; eta ezkerretara etxetresna elektrikoak, handienak lehenik eta txikienak amaieran.

Etxeko giro pertsonalizatua

Zorrozuaren arabera, "arnasten den giroa espazioa etxe giroko ukituekin pertsonalizatzearen ondorioa da; hain zuzen ere, produktu horiei berez dagokien bizimoduaren ideia bat etengabe transmititzen digu etxe giro horren ukituekin, espazioa atseginagoa, erosoagoa eta hurbilagoa eginda". Azken horren harira, Perezek aipatu zuen ez zutela nahi etxetresna elektrikoen erakusketa merkataritza gune bat izango balitz moduan aurkeztea, eta altzariak sukalde denda moduan: "Eremu bakoitzak bere pertsonalitatea izan dezala nahi genuen". Azkenik, Bilbaoren arabera, "markak erabiltzaileen beharrei erantzun eta pertsonen ongizatea lortu nahi du".

Hizlarien azalpenen ondotik, erakusketa bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten, baita erakusgai dauden produktuak eta horien detaileak ezagutzekoa ere. 

2009an, 1.412 milioi euro

Fagor Etxetresna Elektrikoak  kooperatiba etxetresna elektrikoen bosgarren fabrikatzailea da Europan, eta Espainian %18,2ko merkatuko kuota dauka. 2009an, 1.412 milioi euro fakturatu zituen. Munduko 130 herrialdetan saltzen ditu bere produktuak, 12 marka komertzialen bitartez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak