Fagor Arrasatek 50 urte: langile eta bazkide mordoa zapatuko omenaldian

MaierUranga 2007ko abe. 3a, 12:46
50 urteko ibilbidea ospatzeko, Arrasaten ekitaldi gogoangarria ospatu zuen Fagor Arrasate enpresak zapatu goizean. 'Guztiok ereindako hazia' lelopean, ehundaka langile eta bazkide elkartu ziren Amaia antzokian, 12:00etan.

Sortzaileak lehenengo ilaran zeuden jesarrita ekitaldia hasi baino lehenago, gero egingo zieten omenaldirako oholtzatik gertu egon zitezen. Urduritasuna eta garai bateko ilusioa ikusten zen beraien aurpegietan islatuta. Jende guztia pozik zebilen, lanean egiten den laguntasunak babestuta, eta fabrikatik kanpora egun zoriontsua ospatzea zen guztien nahia. Ekitaldia bideo emanaldi batekin hasi zuten, eta zenbait pertsonen iritziak eta gogoetak agertzen ziren han. Gero, hitzaldi batekin jarraitu zuten, eta, amaieran, Anjel Alkain aktorea agertu zen. Barre algarak izan ziren protagonista orduan. Amaitutakoan, Kulturatera joan ziren gehienak, eta han, luntx batekin inauguratu zuten hamabost egunetan zabalik egongo den erakusketa.


Fagor Arrasateren historia kontatzen dituzten panel informatiboz osatutako erakusketa ikusi eta gero, batzuk poteoan, eta beste batzuk, poliki-poliki, frontoira joan ziren, bazkaritarako lekua hartzera. Ostean, bertsotan ere ibili ziren, Maringo Maximo eta Egoitz gaztea ere; guztien barreak irabazi zituzten, gainera. Eta janaria jaisteko, sokatira: biltegikoak muntatzaileen kontra.

Fagor Arrasate

Gaur egun ezagutzen dugun Fagor Arrasate Kooperatiba Elkartea 1957. urteko ekainaren 14an eratu zen, On Jose Maria Arizmendiarretak idatzitako eratze-aktaren bitartez. Orduan, Legarreko pabiloian zegoen gaur San Andres auzoan dagoen enpresa. Arizmendiarretaren eragina eta 14 urte lehenago sortutako Eskola Profesionala beharrezkoak izan ziren Fagor Arrasateren sorreran. Eskola tailerrean irakasle zegoen Leandro Uribarren, Zerrajerako Felix Gonzalez eta ASTEC taldea kooperatiba sortzera bultzatu zituen On Jose Mariak. Urte berean, Legarre auzoko Aranzabal y Cia enpresa erosi zuten, eta han lanean zebiltzanak gehitu egin zitzaizkien.

Ekitaldi ugari

Herrian sortua eta errotua dagoela azpimarratu zuten arduradunek; horregatik, ekintza mordoa antolatu dituzte herritarrentzat. Udalarekin eta herriko zenbait elkarterekin batera egingo dituzte; zapatuaz geroztik, Kulturaten egongo den erakusketa, esaterako. Santamas bezperan, Uarkapen  pilota partiduak ere antolatu dituzte, eta AEDrekin elkarlanean, umeendako Gabonetako jolas parkea ere bai. Baina hor ez da amaitzen guztia; beraz, adi egon, kontzertuak eta balleta ere egongo dira-eta Fagor Arrasateren 50. urteurrenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak