Ezustekorik ezean, gaur onartu egingo dituzte 2009ko aurrekontuak

Ubane Madera 2009ko martxoaren 16a

Aldeko zortzi boto (Talde Mistoaren zazpiak eta EAren bat), kontrako zortzi boto (PSE-EEren lau, EB-Zutik-en hiru eta PPren bat) eta beste bost abstentzio (EAJren lau eta Aralarren bakarra) iragarri dute alderdi politikoek 2009ko aurrekontuen bozketarako. Horrek esan gura du, eta beti ere, ezustekorik ez bada, alkatearen kalitateko botoa erabiliko dutela udal gobernuko kideek 2009ko aurrekontua onartzeko. Hori guztiori gaur iluntzean ikusiko dugu. Izan ere, ez ohiko osoko bilkura egin behar dute 19:00etan.

Aurrekontuaren nondik norakoari dagokionez, udal gobernuak ez du gura izan ezer aurreratzerik, ezta adierazpenik egiterik ere; gaurko batzarrean egingo dituztela aditzera eman du Ino Galparsoro alkateak.  

PSEk beste gobernu bat gura

Badakiguna da gainerako alderdi politikoen botoen zergatia.
Hori horrela, Paco Garciak, PSE-EEko bozeramaileak azaldu du eurek ezezkoa emango dutela, "Arrasateko Udalak izan beharko lukeen aurrekonturik onena da Ino eta bere taldea ez izatea gobernuan, baizik eta izan dadila talde demokratiko bat, eta ez biolentzia kondenatzen ez duen talde bat".

EB-Zutik koalizioak, emendakina

EB-Zutik kolazioak, berriz, aurrekontuen osotasunari emendakina aurkeztu die. Ematen duen arrazoi orokorra da aurrekontua  ez datorrela bat "aurtengo beharrekin" eta "Udalak nekez" egin ahal izango diola aurre "egunean eguneko errealitateari".
Koalizioak gogora ekartzen du lehenago aurkeztutako aurrekontuen proiektuari 60 emendakin baino gehiago aurkeztu zizkiotela, eta batzuk onartu dituen arren, uste dute horiek ez dutela proiektua "nabarmen hobetzen, eta ez dituela alteratzen proiektua idazteko erabilitako irizpideak". Koalizioaren ustez, adibidez, beharrezkoa da gastu korrontea txikitu barik bere horretan mantentzea.

PP presoen partidaren kontra

Kontra bozkatuko du, baita ere, PPk. Itziar Lamarain ordezkariak  aditzera eman du "betiko partida hor dagoen bitartean" ezetz bozkatuko duela. Presoen senideei zuzendutako dirulaguntza da PPko ordezkariak onartu gura ez duena. "24.000 euro besterik ez dira; baina ezin dut horren alde bozkatu. Bestela, orokorrean txarto ez daude, baina zenbait partida jaits zitezkeen, krisian gaudenez. Adibidez, ez nago ados Iturbidekoendako partidarekin. Ia parekotasuna lortzen dute Iturbideko azpikontratatutako langileek Udal langileekiko. Eta egia da lan bera egiteagatik soldata bera kobratu behar dela. Baina kontuan hartu behar da lanpostu hori lortzeko Udal langileek bete behar izan dituzten baldintzak gogorragoak izan direla".
 

Abstentzioak: EAJ eta Aralar

Bestalde, EAJk eta Aralarrek, diote abstentzioaren bidetik jotzeko asmoa dutela. Luis Mari Apraitzek, EAJko bozeramailearen  azalpenaren arabera, jeltzaleak abstenitu egingo dira, "gobernabilitatea eta normalizazioa" ziurtatzeko. Dena den, gaineratu du zenbait puntutan ez daudela gobernuarekin ados. Eskatu diete "egokitzeko gehiago aurrekontuak krisiari; adibidez, eskulana eskatzen duten aktuazioak behar direla uste du EAJk
Bestalde, jeltzaleek uste dute gastu korrontea "gehiago murriztu" beharko litzatekeela, "zuhurragoak izan" eta kontuz ibili, "zorretan" ez jausteko, "hurrengo urteak ere gogorrak izango direlako". Eta uste dute, zenbait kontutan ez dutela larregi sakondu; adibidez, pintadei-eta dagokienean, garbiketan. Edo aparkaleku eta zirkulazio arazoetan, eta ezta ere energia aurrezpenean.

Aralar: euskararen alde

Bestalde, Aralar alderdiko Joxe Etxeberriak argitu du abstenitu egingo direla, Aralarren bi emendakinak ez dituztelako aintzat hartu. Emendakin batean gogora ekartzen zuten Aralarrek 2008ko aurrekontuei baiezkoa eman ziela baldintza batekin: Euskara Biziberritzeko Plana abiaraztea. "Urtea pasatu da eta ez dute ezer ere egin. Aurten partidarik ez dagoenez, abstenitu egingo gara". Bigarren emendakinean, berriz, Aralarrek eskatu duena izan da euskararen alde diharduten herriko taldeen dirulaguntzak "gutxienez" iazko maila beran mantentzea eta "hori ere ez dute onartu".


EA alde, 'erreflexio erreala'

Aurrekontuen alde bozkatuko duen alderdi bakarra EA da. Pello Urizar bozeramailearen azalpenen arabera, uste dute gobernuak "erreflexio erreala" egin duela "kontuan hartuta egoera ekonomikoan bermatuta ez dagoela ezer". Urizarrek azpimarratu du emendakina aurkeztu zuela gizarte zerbitzuetako gastua ez jaisteko, eta hori onartu egin dutela. EAko kidearen ustez kontua ez da "aurrekontuan gauza mordoa sartzea, baizik eta tentuz jokatzea, Udalaren ahalmenaren arabera". Mugikortasunaren gainean EAk egindako beste emendakin bat onartu izana ere azpimarratu du Urizarrek. Eta gaineratu du, adibidez, obren atalean ere lehentasunak zehaztu beharko lituzketela eta horren urjenteak ez diren inbertsioak  ez sartu aurrekontuan. "Adibdiez, Abaroa berriari lehentasuna eman beharko geniokeen; igogailuen proiektua ere asko atzeratu da, eta abar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak