Eztandak kaltetutako bizilagunei laguntzeko protokoloa jarri da abian

Irati Agirreazaldegi 2007ko urt. 8a, 09:32
Zapatu goizaldean kale erasoak egin zituzten Arrasaten banketxeen aurka. Larriena Jokin Zaitegi plazako La Caixaren kontra aerosolez eta gasolinaz osatutako lehergai batez egindakoa izan zen. Bulegoak su hartu zuen, eta inguruko etxabeetako bizilagunak etxeetatik atera zituzten. Bizilagun guztiak ez dira etxera itzuli oraindik eta Udalak laguntzak emateko protokoloa jarri du abian.

Arrasateko Udalak erasoa gaitzetsi egin du: "Jendeari kalterik egin ez arren, bizilagunak arriskuan ipini zituen erasoak; hori dela eta, elkartasuna adierazi nahi diegu. Bide batez, jakinarazi nahi dugu gauzak normaltasunera itzul daitezen baliabideak ipiniko dituela Udalak". Horretarako, bizilagunek Udaltzaingora jo beharko dute, eta bereziki gertatutako protokoloa jarraitu. Besteak beste aseguru kontuak egiten lagunduko die Udalak.

Arrasateko Udaleko alderdiek sinatutako idatziak dio: "Horrelako ekintzak demokrazian eta giza eskubideetan oinarritutako gizartearen alde dihardutenekiko mespretxuaren adierazle dira".

Arrasateko ezker abertzaleko ordezkariek esan digute sentitzen dutela auzokideak gaueko hamabietan etxetik kanpora bidali beharra, baina "hau ezin da irakurri ekintza soil moduan, testuinguru baten barruan baizik. Bizi dugun egoeraren aurrean emandako erantzunak dira eraso hauek, eta ezker abertzaleak behin eta berriz esan du medioak jarri behar direla horrelako gauzak ez gertatzeko edo inork beharrik senti ez dezan horrelako ekintzak egiteko. "Espainiatik esaten digute su-etena apurtua dagoela eta ezin dela ezer egin, baina guk pentsatzen dugu urratsak emanda daudela eta prest gaude ahalegin guztia egiteko egoera konpontzeko".

Bizilagunak, kaltetuta

La Caixa gaineko etxebizitzetako bizilagunak dira kalteak jasan dituztenak. Maite Urrutiak esan digunez, "hamabiak inguruan eztanda entzun nuen eta nirekiko pentsatu nuen: hemen dira. Ordutik hotelean gaude, eta tratua oso ona dela azpimarratu beharra daukagu. Oraindik ezin gara etxera itzuli, etxea bera ondo dagoen arren, gasa eta beste zenbait baliabide ez dauzkagu-eta".

Banketxeko bulegoaren aldamenean Loramendi kirolak denda dago eta hemen ere izan dira kalteak. "Aireztatze makinak dauden gelara sua sartu zen, beraz, denda guztian ke beltza zabaldu zen. Arropa eta kirol oinetako guztiak hondatu egin dira, eta ezingo ditugu saldu. Gainera, aire hodi guztiak konpontzeko obra egin beharko dugu. Oso gogorra izan da, eta espero dugu honi aurre egiteko laguntzaren bat jasotzea", esan digu Loramendiko Itziar Uriartek.

Bulegoa zegoen eraikinaren egiturak berak ez zuen kalte handirik izan, eta jendez hustu zituzten hiru etxabeetatik bakarra dago oraingoz jenderik gabe. Hala ere, espero dute instalazioak konpondu eta datozen egunetan etxera bueltatzea.

Bideoa

Anonimo batek bidali digu bederatzi segundoko bideo hau. La Caixa erretzen ikusten da bertan.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak