Mozioak
PSE-EE, EAJ eta PPren mozioa
Testuingurua azalduko dugu lehenengo: PSE-EEk, EAJk eta PPk mozio bateratua aurkeztu zuten gertatutako azken atentatuen kontra. Hau da, Ondarroan, Gasteizen, Santoñan eta Tolosan izandako azkeneko atentatuak kondenatzeko.
Mozioa labur azalduz, erabateko kondena erakutsi gura zuten atentatu horiengatik, azpimarratu biolentzia terroristak bakarrik mina eta errefusa sortzen dutela herritarren artean, ETAri desagertzeko eskatzen diote eta hori bai, badute puntu berritzaile bat non azpimarratzen duten auto bonbetako bat abisatu barik leherrarazi zutela eta beste bat denbora gutxirekin abisatuta; bada, PSE-EEren, EAJren eta PPren ustez, horrek erakusten du Ondarroan eta Santoñan ahalik eta kalterik handiena egiten eta ahalik eta biktima gehien eragiten ahalegindu zirela.
Mozio alternatiboa EB-Zutik, Aralar eta EAk
Bada horri mozio alternatiboa aurkeztu zioten EB-Zutik koalizioak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak, hirurek batera. Mozio horretan, labur esanda, gogora ekartzen dute Euskal Herrian giza eskubideen urraketa alde bietan gertatzen dela; bai ETAk egindako azkeneko atentatuetan, baina baita ere azkeneko ilegalizazio prozesuetan. ETAri eskatzen diote biolentziaren erabilera behin betirako utz dezala, deitoragarriak deritzote ANV eta EHAK legez kanpo uzteko erabakia eta konpromisoa hartzen dute zinegotzi guztien eskubide guztiak errespetatu eta berma daitezen lan egiteko.
Eztabaida
Bada, mozio alternatibo horrek alderdi sozialistaren haserrea eragin zuen. Paco Gartzia bozeramaile sozialistak aditzera eman zuen Batzar Nagusietan alderdi politiko guztien adostasunarekin onartutako mozio bateratua aurkeztu zutela EAJk, PPk eta PSE-EEk eta ez duela ulertzen zela EB-Zutik koalizioak, EAk eta Aralarrek Batzar Nagusietan onartutakoa Arrasaten ez duten onartu gura. Gaineratu zuen eurak ahalegindu direla alderdi guztien arteko adostasuna lortzen mozio bateratua aurkezteko helburuarekin, baina gainerakoek ez dutela horretarako borondaterik erakutsi esan zuen Gartziak.
Paco Gartzia
Gogor erantzun zioten bozeramaile sozialistari EA, EB-Zutik eta Aralarreko ordezkariek. Gezurretan dabilela eta bere helburua errentagarritasun politikoa lortzea dela aurpegiratu zioten, besteak beste. Pello Urizarrek, gainera, eurek aurkeztutako mozio alternatiboa defendatu zuen.
Pello Urizar
Eta EB-Zutik koalizioren izenean, Ander Rodriguez bozeramaileak azpimarratu zuen alderdi sozialistak ez dituela konponbiderik gura, konfrontazioa, baizik.
Ander Rodriguez
Aralarko ordezkariari dagokionez, berriz, PSE-Eeren, EAJren eta PPren mozioaren kontra bozkatuko zuela azaldu zuen.
Joxe Etxeberria
Bozketa
Kontuak kontu, bozketan, azkenean PSE-EEk, EAJk eta PPk aurkeztutako mozioak egin zuen aurrera, aldeko 9 botorekin, hain justu, aipatutako hiru alderdien aldeko botoekin. Kontra bozkatu zuten Talde Mistoko zazpi zinegotziek eta Aralarrek eta EB-Zutik koalizioa eta Eusko Alkartasuna, berriz, abstenitu egin ziren.
Talde Mistoaren mozioa
Horrez gainera, bigarren mozio politiko bat ere eztabaidatu zuen udalbatzarrak. Arkaitz Biain Talde Mistoko zinegotziak aurkeztu zuen; bada mozio horri bi alternatibo aurkeztu zizkioten. Bata EB-Zutik koalizioak, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak, hain justu, PSE-EEk, EAJk eta PPren mozioari aurkeztutako mozio alternatibo bera. Bestea, berriz, EAJ alderdiak.
Talde Mistoko ordezkariak aurkeztutako mozioak, besteak beste salatzen zuen salbuespen egoeran bizi garela eta 1982ra bueltatu eta alderdi sozialistak atzera ere ekin diola gerra zikinari. Ilegalizazio erabakiak erabaki erabat politikoak direla azpimarratu eta PSE-EEk gatazka politikoa luzatzeko apustu irmoa duela salatu dute, oro har, ezkerreko proiektu independentista ezabatu gura duela. Hori horrela, eskatzen dute aukera politikoen aniztasuna errespetatu egin behar dela; indar politiko guztiek parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu dute, ilegalizazio estrategia Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza dela adierazi eta besteak beste, herritarrek aukeratutako ordezkari politikoak eragile eta mintzakide politiko moduan onartu behar direla eta herritarrok etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatu.
EAJk, bere aldetik, onartzen du ilegalizazio prozesuak politikarako partehartze eskubidearen aurkakoak direla eta estatu espainiarraren botere estamentuen ahuleziaren adierazgarri. Akordio politikoa aldarrikatzen dute Ehren gatazkaren konponbide moduan, euskal gizartearen aniztasun politikoarekiko errespetua eskatzen dute eta oro har, berresten dute azken udal hauteskundeetan talde politiko bakoitzak lortutako ordezkaritza errespetatzearen alde lanean dihardutela.
Kontuak kontu, bozketa egin zuten eta ez Talde Mistoaren mozioak, ezta ere alternatiboak lortu zituen behar adina boto, eta ez zen bat bera ere onartu.
La Caixako etxebizitzetako zozketa
Hortxe kontakizun politikoa, baina bestelako gaiak ere landu zituzten atzoko osokoan, herritarrei zuzenean eragiten dieten gaiak. Tartean, badakizue La Caixako etxebizitzen zozketan parte hartu ahal izateko baldintzak aldatzeko eskaera aztertu zutela zinegotziek. Eta puntu hori bai, puntu hori aho batez onartu zuten.
Hain justu, hainbat aldaketa egitea proposatu zuen etxe horiek eraikitzen dabilen Foment Inmobiliari enpresak. Aldaketa esanguratsuak dira, gainera; izan ere, labur esanda, erraztu egiten dute etxebizitza horien zozketan parte hartu ahal izatea. Adibidez, orain arte eskatzen zuten pertsona batek urtean gutxienez 9.000 euroko diru-sarrerak izan beharko lituzkeela halako etxebizitza bat alokatu ahal izateko; bada Hirigintza Sailak proposatzen du 3.000 eurora arte jaistea urteko kopuru hori. Modu horretan, logikoa den moduan, herritar gehiagok parte hartu ahal izango du zozketan.
Atzo onartutako beste aldaketa bat izan zen zailtasunak dituzten pertsonei ere erraztea bidea. Hala, eskatuko dieten baldintza bakarra izango da adinez nagusiak izatea; hau da, zailtasunak dituzten bizilagunek ez dute izan beharko 65 urtetik gorakoak edo 35 urtetik beherakoak halako etxebizitza bat eskuratzeko.
Bestalde, sei etxebizitza erreserbatu gura dituzte kolektibo bereziendako: biolentzia matxista jasan duten emakumeendako, adibidez.
Eta besteak beste, proposatu dute, baita ere, giza talde jakinak kontuan hartzea zozketa egiterako orduan, honako ordenaren arabera: 65 urtetik gorakoak lehenengo, 35 urtetik beherakoak gero, zailtasunak dituzten bizilagunak hirugarren eta azkenik, kolektibo bereziak.
Eta gainera, giza talde horiekin etxe guztiak ez badira betetzen, atzo onartutakoaren arabera, adin tarte horretatik kanpoko pertsonen eskaera ere onartuko dituzte.
Kontu ekonomikoak
Atzoko osoko bilkuraren errepasoarekin bukatzeko, kontu ekonomikoak ere landu zituzten zinegotziek, datorren urteko tasak eta zergak onartu egin zituzten-eta.
Oro har begiratuta, KPIren adinako igoera orokorra izango dute zergek: %5a. Baina izango dira salbuespen batzuk. Besteak beste, ura %6 igoko da eta zaborra, berriz, %10,
Era berean, EB-Zutik koalizioak bi emendakin aurkeztu zizkion proposamenari eta biak onartu egin zituzten, EAJren, PSE-Eeren eta koalizioa beraren aldeko botoei esker.
Hori horrela, onartu dutena da, Iturbide Egoitzako eta etxeko laguntza zerbitzuen eta babes ofizialeko etxebizitzen zerbitzuen tasak izoztea batetik.
Eta bestetik, %7an handitzea hirigintza baimenak ematearren ordaindu beharreko tasa eta dokumentuak ematearren ordaindu beharreko kopurua.
Bigarren emendakinari dagokionez, berriz, familia ugariekin lotutakoa da eta kasu horretan, diote familia ugari guztiei %90eko hobaria aplikatzen dietela IBIa edo higiezinen gaineko zerga ordaintzerako orduan. Bada koalizio ezkertiarraren ustez ez da arrazoizkoa dirulaguntza hori ematea guztiei modu berean, familia bakoitzaren diru-sarrerak kontuan hartu barik. Hori horrela, diru sarreren eta seme-alaba kopuruaren araberako muga ezartzea proposatu du koalizioak.
Hain justu ere, 3 seme-alaba dituzten familiendako 45.500 euroko diru-sarrera izango litzateke muga. Lau seme-alaba dituzten familiendako, berriz, 50.050 eurokoa eta bost seme-alaba edo gehiago dituzten familiendako 55.055 euroko muga.
Hortxe datorren urteko zergei dagokien aurrerapena. Datozen egunotan landuko ditugu xehetasunak.