Eztabaida osoko bilkuran Arrasate Iraunkorra egitasmoaren gainean

Goiena 2007ko urt. 29a, 18:31

Urtarrrilari dagokion osoko bilkura egin dute goizean Arrasaten. 13 puntu zituzten zerrendan aurreikusita. Bestelakoen artean, Uribarriko eta Gelmako babes ofizialeko etxeen puntu bat; San Josepe harrobiarekin lotutako beste bi eta Iñaki de Juana presoaren gaineko mozio bi aztertu dituzte.

Arrasate Iraunkorra

Ezustea izan da gaurko osokoan, puntu jakin batean; hain zuzen ere, Arrasate Iraunkorra egitasmoaren barruan, iraunkortasun plana eta ekintzen planaren onespena proposatu dutenean, eztabaida piztu da alderdi politikoen artean, eta orain arte, kanpora begira, behintzat, Arrasate Iraunkorrean parte hartu duten erakunde, alderdi eta elkarteen artean adostasun itxura kanporatu dute.
 
Kontuak kontu, PPk, Talde Mistoak, eta alderdi sozialistak iragarri dute ez dutela plan horren alde bozkatuko. Diote edukiarekin ados egon arren, ez dutela batere argi iraunkortasunaren aldeko foro hori zela garatuko den; zeintzuk izango diren bere konpetentziak, estatutuak, jardunbidea… hori guztia argitu arte, ez dutela iraunkortasuna bermatzeko planaren alde bozkatuko.

Hori horrela, alderdi politikoek bozkatu dute gai hori mahai gainean utzi eta hurrengo batean lantzea. Baietz atera da, EAJk kontra bozkatu duen arren. 

Babes ofizialeko etxebizitzak

Eta bestelako puntuen artean, gaur lantzeko zuten Uribarriko eta Gelmako babes ofizialeko etxebizitzak zozketatzeko irizpideak zehaztea. Baina, alkateak iragarri du zenbait zalantza dituztela, eta kontuan hartuta puntu hori ez dela larria, hau da, ez dela presazkoa, puntu hori ere mahai gainean utzi dute, hurrengo osoko batean lantzeko.

San Josepeko harrobiak 2008ra arte jardungo du

Landu diren beste puntu bi izan dira San Josepe harrobiaren gainekoak eta biak onartu egin dituzte. Hala, batetik, onartu dute Udalak eta harrobiak beste hitzarmen bat sinatzea; sinatzen duten laugarren hitzarmena izango da. Horren arabera, harrobiak bere jarduerarekin segituko du 2008ko abendura arte. Ordurako, harrobikoek gertu utzi beharko dute inguru guztia, etorkizunean bestelako erabileraren bat eman diezaioten. Hitzarmena luzatzeko proposamena onartu egin dute, EAJ, EA, PSE eta PPren aldeko botoekin. EBk eta Aralarrek kontra bozkatu dute eta Talde Mistoa abstenitu egin da.

Harrobiarekin lotuta, berriz, aho batez onartu dute zinegotziek beste hainbat herritarrek egin duten proposamena: harrobiaren etorkizuna erabakitzeko ideia lehiaketa bat antolatzea. 18.000 euro bideratuko ditu Udalak horretarako.

Iñaki de Juanaren gaineko mozioa

Bukatzeko, bestelako puntuen artean, Iñaki de Juana Chaos presoaren aldeko mozio bi irakurri dituzte gaurko batzarrean. Batetik, Etxerat elkarteak aurkeztuta, presoaren baldintza bako askatasuna eskatu dute. Bestetik, EAJ, EA, EB eta Aralar alderdiek babestuta, bost puntutan oinarrituta eskatu dute presoen eskubideak errespetatzea egoera politiko guztien gainetik, oraingo kasuan, De Juanaren eskubideak; eta horren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak askatzea. Azken mozio hori onartu dute, EAJ, EA, EB eta Aralarren aldeko botoekin. Esan beharra dago, bitxikeria moduan, alderdi sozialista abstenitu egin dela. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak