Ezkontza zibilerako eskabideak BAZ bulegoan egin behar dira aurrerantzean

Jon Berezibar 2007ko azaroaren 27a

Alkatetzan barik, Biztanleen Arreta Zerbitzuan egin beharko dute ezkontza eskabidea hemendik aurrera. Halaber, ezkontza eguna kontuan hartuta, gehienez jota 12 hilabeteko aurrerapenarekin egin ahal izango da ezkontza eskabide hori, hau da, eztei-data baino urte bete lehenago.

Epearen moldaketari dagokionez, orain arte eskabidea egin ahal zen bakarrik urte naturalaren barruan, hau da, urtea hasten zenetik, urtarriletik aurrera, urte horretako eskaerak egin behar izaten ziren.

Baina horrek arazoak eragiten zituen, adibidez, urtarrilean bertan edo otsailean ezkondu gura zuten bikoteen artean, ez zuten astirik izaten-eta, eskabidea garaiz aurkezteko. Horrexegatik erabaki du Udalak orain urtebeteko epea uztea, baina ezkontza dataren arabera, eta ez urte naturalaren arabera.

Bestalde, bi berritasun horiez gainera, Udalak jakinarazi du, baita ere, eskabidea aurkezteko orduan ezkontideen eta lekukoen nortasun agiriak ere aurkeztu behar direla. Halaber, gogorarazi du ezkontza espedientea Erregistro Zibilean, hau da, Bake Epaitegian tramitatu beha dela eta ezingo dela ezkontzarik ospatu baldin eta horren tramitazioa bukatuta ez badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak