Ezker Batua-Zutik koalizioa Arrasateko gobernuan sartuko da

Ubane Madera 2007ko uzt. 19a, 17:50
Hala konfirmatu diote Arrasate Irratiari koalizioko ordezkariek eta Ino Galparsorok, EAEko kide eta alkateak. Gobernu-kide izateari behin betiko baiezkoa eman aurretik, alderdikideekin kontsultatu beharra zeukan EB-Zutik koalizioak. Haien onespenaren menpe zegoen erabakia. Eta eguazten iluntzean baiezkoa eman zioten hitzarmenari koalizioko alderdikideen gehiengoak. EAEk eta Ezker Batua-Zutikek osatuko dute, beraz, udal-gobernua.

Balorazio positiboa

Ino Galparsoro alkateak modu positiboan baloratu du Ezker Batua-Zutik koalizioarekin hitzarmena lortu izana. "Akordio bat denez, berez positiboa da", azaldu du Galparsorok eta gaineratu du akordio horrek oraingo legealdian hainbat gai aurrera ateratzeko balio izatea espero duela.

Halaber, azpimarratu du akordioa positiboa dela, baita ere, ezkertiarrak diren alderdien arteko akordioa delako.

Bere aldetik, Ezker-Batua-Zutik koalizioko ordezkari Ander Rodriguezek adierazi du joan den maiatzaren 27ko hauteskundeetan hautesleek eurek erabaki zutela ezkerreko bira eman behar zitzaiola udal politikari, eta nabarmendu du halaxe gauzatu dutela EAEren eta koalizioaren arteko akordioarekin.

Edozelan ere, gogorarazi gura izan du "akordioa dela lan egiteko oinarri bat, eta orain lanean hasi egin beharko direla".

Bestalde, akordio horren xehetasunak emateko agerraldi publikoa egin gura dute ahalik eta lasterren bi alderdiek.

Batzordeen arduradunen aukeraketa

Bukatu aurretik, gogoan izan astelehenean egingo dutela gobernua eratzeko osoko bilkura. Besteak beste, udalbatzarrak izendatu beharko ditu batzorde informatzaileen arduradunak, alkateordea eta organo kolegiatuetarako udal ordezkariak. Horrez gainera, finkatuko dute, bestelakoen artean, noiz egingo dituzten osoko bilkurak datozen lau urteotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak