Ezker abertzaleko hamar kide atxilotzeak gatazka luzatzea ekarriko du Arrasateko Udalaren ustez

Ubane Madera 2009ko aza. 6a, 13:04
Ezker abertzaleko hamar kideren atxiloketa salatzen duen mozioa onartu zuen atzo osoko bilkurak. Alternatiba-Zutik koalizioak, EAk, Aralarrek batera aurkeztu zuten mozioa, eta harekin bat egin zuten udal gobernuko kideek eta baita EAJk ere. PSE-EEk kontra bozkatu zuen eta PPko ordezkaria ez zen batzarrean izan.

Atzo onartutako mozioaren bitartez, salatu zuten atxilotutako pertsona horiek “euren jardun politikoagatik espetxeratuak” izan direla eta haiek “berehala aska ditzatela” exijitu zuten. Baita ere “Alderdien Legea berehala deroga dezatela”. EAJren, EAren, Aralarren, Alternatiba-Zutik koalizioaren eta udal gobernuko kideen ustez, lege hori “aukera politiko eta sozial bat desagerrarazteko ari dira baliatzen”.

Eta era berean, “espainiar estatuaren jardunbide antidemokratiko, autoritario eta errepresiboak” salatu zituzten mozioaren bitartez. Uste dute “jardunbide horrekin irtenbide bakarra gatazka luzatzea” dela.

PSE-EEk gogor egin zuen kontra

Mozio horren kontra gogor egin zuen Aritz Arrietak, alderdi sozialistako bozeramaileak. Aditzera eman zuen zenbaitzuk uste dutela guztiak daudela euren kontra. Eta ez dela horrela. Azpimarratu zuen Alderdien Legeak ez dituela “ideiak ilegalizatzen”. Eta gogora ekarri zuen Europako epaitegiek erabaki zutela Alderdien Legea legearen barruan dagoela.

Horrekin batera, hainbat datu ere eman zituen, adibidez, salatu zuen 42.000 lagunek jasaten dutela jazarpen biolentzia, alderdi sozialistako 339 zinegotzik eta Ppko 184k bizkartzainekin ibili beharra dutela eta gogora ekarri zuen, baita ere, milaka lagunek alde egin behar izan duela Euskaditik ETAren eraginez.

Gatazka konpontzeko traba

Gainerako alderdietako ordezkariek erantzun zioten banan-banan, eta labur esanda, azpimarratu zuten argi dagoela azkeneko atxiloketak Euskal Herriko gatazkaren konponbiderako ahalegina trabatzeko ekintzak izan direla. Halakoekin biolentziak etengabe segituko duela salatu eta lan politikoa egiteagatik herritarrak atxilotzea gaitzetsi zuten. Halakoen aurrean ez direla isilduko azpimarratu zuten.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak