Oposizioa apurtu egin da gaurko osoko bilkuran

Ubane Madera 2007ko martxoaren 12a

Ez ohiko osoko bilkura istilutsua izan da gaur, martxoak 12, goizekoa. Lehenengo puntutik hasita, gainera. Izan ere, puntu horretan, gobernuak proposatu du kreditu aldaketa batzuk egitea eta oposizioko PSE-EE alderdiak horren alde bozkatu du.

Gogoan izan behar da Udala dabilela jardunean 2006ko aurrekontuaren luzapenarekin. Baina aurrekontu hori eguneratu barik dago, besteak beste. Hala, gaur proposatu dituzten kreditu aldaketa horien helburua da Udalaren jarduna ahalbidetzea, gobernuaren esanetan.

Kontuak kontu, ezustekoa eta eztabaida izan dira nagusi puntu horri dagokionez. Ezustekoa, orain arte gehienetan aurrekontuaren eta aurrekontuarekin lotutako edozein puntutan kontra bozkatu duen PSE-EE alderdiak, gaur alde bozkatu duelako.

Eta eztabaida piztu da oposizioko gainerako alderdiek, hau da, Ezker Batuak, PPk, Aralarrek eta Talde Mistoak abenduan aurkeztu zuten aurrekontu alternatiboa berriro ere aurkeztu duelako Ezker Batuak gaurko osokoan, emendakin moduan, kreditu aldaketaren puntuari aurre egiteko.

Puntu horretan, zenbait salaketa egin dituzte PSE-EEren eta EAren jarrera dela-eta. PSE-EEren kasuan salatu dute orain arte kritikatu izan duten udal gastuaren deskontrola bermatu egiten dutela euren aldeko botoekin. EAren kasuan, berriz, salatu dute oposizioko alderdi gehienak aurrekontu alternatiboa lantzen zebiltzanean, EAren aldeko botoak agindu zituztela. Eta bozketa egiteko orduan, berriz, EAk kontra bozkatu duela.

PSE-EEk bere jarrera justifikatu du esanez, orain aurrekontuaren alde bozkatu dutela Udalak gutxieneko jarduna aurrera atera ahal izateko.
EAk, berriz, argitu du eurek sekula ez ziotela euren botoa inori agindu.
Hala, bozketa egiterakoan, eta PSE-EEren aldeko botoei esker, kreditu aldaketa onartu egin dute. 

Alkateak nabarmendu du horri esker herrian zenbait obra garrantzitsu egin ahal izango dituztela, Musika Etxea eta zenbait igogailu berri, esaterako.

Zerrajerako babes ofizialeko etxebizitzak


Bestalde, eztabaida piztu duen beste puntuetariko bat izan da Zerrajeran babes ofizialeko 216 etxebizitza eraikitzeko lehiaketaren baldintza plegua. Hori ere onartu egin dute. Baina hemen ere, Ezker Batuak osotasunari emendakina aurkeztu dio. Kasu honetan, besteak beste, salatu dute puntu hori atzerakoia dela eta behar gehien dituzten herritarrak baztertu egiten dituela. Alkateak ukatu egin du hori eta horren parean nabarmendu du pozgarria dela babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzea ahalbidetzen duen puntua onartu izana gaurko batzarrean.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak