Ez da lur-jaberik agertu lurren desjabetzeen sinaketetara

Txomin Madina Milikua 2009ko abe. 17a, 12:52

Udalak berak ere ez ditu bere lurren desjabetze aktak sinatu. Ertzaintzaren hiru furgoneta herriko plazan egon dira desjabetzeak burutzera etorri direnak udaletxean egon diren bitartean. Dena den, lasaitasuna izan da nagusi.

Goizeko hamarrak inguruan sartu dira Arrasateko udaletxean Abiadura Handiko Trenaren Arrasate-Bergara-Elorrio bidegurutzea egiteko lurren behin-behineko desjabetze aktak sinatzera etorri diren bi pertsonak: Adifeko ordezkaria bata, Gobernu Ordezkaritzakoa bestea.

Ordubete inguru egon dira udaletxean, baina azkenean ez dute aktarik sinatu. Desjabetu beharreko lurren artean, Udalarenak dira batzuk. Ino Galparsoro alkateak esan duenez, eurek ez dituzte aktak sinatu; azaldu du azaroaren 14an bukatzen zela helegiteak jartzeko epea,baina desjabetzeen agindua azaroaren 10ean heldu zitzaiela. Horren aurrean, aktak sinatzeari uko egin diote Udalekoek eta errekurtsoa ere aurkeztu dute, epeak behar bezala bete ez direla uste dute-eta.

Aipatzekoa da era berean, gainerako lurjabeak ez direla desjabetzeen sinaketetara agertu.

Segurtasun neurriak

Hamarrak baino zertxobait lehenago Ertzaintzaren hiru furgoneta heldu dira herriko plazara, eta bertan egon dira Adifeko ordezkaria eta Gobernu Ordezkaritzakoa udaletxetik irten diren arren. Ino Galparsorok kritikatu egin du Ertzaintzaren presentzia, eta esan du beste zeregin batzuetan euren behar handiagoa dagoela. Gaurkoan ez da bertaratu AHTren kontrako plataformetako kiderik.

 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak