Ez du aurrera egin PPren mozioak

Jon Berezibar 2008ko api. 3a, 22:28
Ez du aurrera egin PPk Isaias Carrascoren atentatua gaitzetsi eta Udala terrorismoaren aurkako "edozein" ekimenen buru izateko eskatuz aurkeztu duen mozioak. Hain zuzen, 7 boto izan ditu alde mozioak (PP-ko bat, EAJ-PNV-ko hiru, EB-Zutik Koalizioaren bi eta EA-ko bat), ANVko 7 kontra eta Aralar abstenitu egin da. Itziar Lamarainen mozioak ez du aurrera egin alkateak kalitatezko botoa erabili du-eta. Azpimarragarria da PSE-EEko lau zinegotziak ez direla osoko bilkurara joan ezta EAJko Luis Mari Apraitz eta Ezker Batua-Zutik koalizioko Joseba Ugalde zinegotziak ere ez direla bertan izan. Gauzak horrela ez da onartu mozioa.

Hiru puntu eduki ditu PPko zinegotzi Itziar Lamarainek aurkeztutako mozioak:

1. Udalak erabat gaitzets dezala ETAren terrorismoa.

2. ETAk gizartea jazartzeko eta mehatxatzeko erabiltzen dituen metodoak arbuiatzea.

3. Era berean, Udala terrorismoak mehatxatutako guztienganako elkartasun irmoa agertzea eta konpromisoa har dezala terrorismoari zilegitasuna kentzeko edozein ekimenen buruzagitza.

Hain justu, hirugarren puntu horretan Aralar, Ezker Batua-Zutik eta Eusko Alkartasunak ñabardura egin gura izan dute "edozein ekimen" hitz horien inguruan. Hiruek esan dute txeke zuririk ez dutela emango. Azkenean, bozketaren orduan, esan moduan EA eta EB-Zutik-ek mozioaren alde egin dute, EAJ eta PPrekin batera. PSE-EEko zinegotzirik ez da egon, jakinarazi dutenez, "duintasunagatik". Hala adierazi dute hedabideetara igorritako ohar baten bitartez.

Jende asko egon da aretoan eta ordezkari politikoak eserlekuetan jarri bezain laster minutu bateko isilunea eskatu du Lamarainek eta halaxe onartu da aho batez. Segidan, azaldutako mozioa aurkeztu du PPko zinegotziak eta udalbatzak aho batez ere onartu du mozioa aztertzea, lehenengo aztertu edo ez erabaki behar zen-eta. Ordezkari politikoek euren jarrerak normaltasunez agertu dituzte baina ika-mika politikoa bukaeran etorri da PPko ordezkaria eta EAE-ANVko Yolanda Perez de Arenatza zinegotziaren artean.

Jende asko egon da atentatu ondorengo lehen Osoko Bilkura jarraitzen, aretoa beteta. Oihuak ere entzun dira hainbatetan, baina Ino Galparsoro alkateak eskatu die isiltzeko.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak