Extremadurako granitozko harria jarriko dute Kanpatorpe kalean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko urt. 18a, 12:01
Aurreikusitako moduan, Gabonak amaitu eta berehala hasi dira Kanpatorpe kaleko lanekin. Joan den martitzenean, urtarrilak 12, itxi zuten kalea. Oraingoz Iturriotz kalera arte bakarrik itxi dute. Alde zaharreko urbanizazio planeamenduaren barruan kokatutako lana da, eta zorua altxatu, argiteria aldatu eta saneamendu lanak egingo dituzte. Udalak bi hilabete eman dizkio Excavaciones Arrasate enpresari lanak amaitu ditzan. Udalak, aurrekontua murrizten saiatu bada ere, 93.000 euro gastatuko ditu.

Alde zaharrean ematen ari den joerari jarraituz, Kanpatorpe kaleko zoruko harria granitozkoa izango da obrak amaitzen direnean.

Granitoa, material egokiena

Orain arte egon den zorua kareharrizkoa zen. Eta Obra Saileko Elena Letek adierazi duenez, "material ona den arren, ez da nahikoa kale horretarako". Izan ere, oso aldapatsua da eta batez ere bustita dagoenean, eroriko bat baino gehiago egoten da bertan. Hala, granitozko harria jarriko dute, Letek dioenez, "material egokiena delako". Extremadurako granitoa ekarriko dute, Quintanako harrobikoa, hain zuzen. Dorre azpiko lauzak eta kaleko galtzada harriak ezberdinak izango dira. Lehenek 50 zentimetroko luzera eta bost zentimetroko lodiera izango dute, eta bigarrenek, aldiz, 20 zentimetroko luzera eta 15 zentimetroko lodiera.

Galtzada-harriak, enkantean
Udalak enkantean jarri zituen Kanpatorpeko harriak, eta bi partikularrek interesa erakutsi zuten. Hala, batek dorre azpiko lauzak erosi ditu eta besteak, ordea, kaleko galtzada-harriak.
Bestalde, argiteria ere aldatuko dute, Letek dionez, "egungo azpiegitura eskasa" da-eta. Hormako bi farola kenduko dituzte eta farola berriak jarriko dituzte, kaleko bi aldeetan. Gainera, arkuak eta elementu arkitektoniko aipagarriak ere argiztatuko dituzte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak