Ondare dokumentalaren aurkezpenean izan dira Javier Retegi Eusko Ikaskuntzako presidentea, Jose Mari Ormaetxea mugimendi kooperatibistaren fundatzailea, Jose Mari Velez de Mendizabal Eusko ikaskuntzako zuzendari kudeatzailea eta Arantza Cuesta Euskomedia fundazioaren zuzendaria.
XX. mendeko pertsonaia garrantzitsua
Jose Mari Velez de Mendizabalek Arizmendiarrieta goraipatu du eta XX. mendean Euskal Herrian sortutako pertsonaia garrantzitsuenetarikoa izan dela gogoratu du. Hori dela-eta, haren ondarea batu eta Internet bitartez mundu osora zabaltzeak duen garrantzia azpimarratu du.
Javier Retegik Jose Mari Ormaetxeak egindako lana eskertu du. Ondoren, Ormaetxeak hartu du berba eta museo birtual honek izango dituen osagaiak azaldu ditu.
Zortzi gune izango ditu
Orain dela 30 urte hasitako lanaren fruitua da sarean dagoen ondarea. Digitalizazio lanetan, baina, azken urtea besterik ez dute eman. Zortzi gune bereizi ditu Arizmendiarrietaren ondarea batzen duen orriak. Lehenengo zatian, bere bizitza aztertzen da. 18 panel jarri dituzte eta horien bidez non jaio zen, non ikasi zuen eta beste hainbat datu ikus daitezke. Bigarren zatian, Arizmendiarrietaren liburutegia dago; berak erabili zituen 500 liburu, alfabetikoki sailkatuak daude. Hirugarren zatian, 4.500 dokumentu daude; gehienak Arizmendiarrietak idatzitako gutunak dira. Gainera, Arizmendiarrietak idatzitako 2.000 orrialde, eskuz idatzitako 6100 fitxa eta Arizmendiarrietari buruz idatzi diren liburuak aurki daitezke sarean. Bestalde, Eskola profesionalean izan zuen bulegoaren erreplika bat ere sarean da.
Entzuteko aukera ere badago
Arantza Cuestak webgunera nola sartu daitekeen azaldu du ondoren. Gaurtik aurrera, euskomediaren webgunean ikusi ahal izango da Arizmendiarrietaren ondarea. Argazkiak eta testuak ikusteaz gain, testu hauek entzuteko aukera ere eskaintzen du Eusko mediak. Bilaketa sistema ere badu.
Osatzen joango dira
Javier Retegik esan du, webgunea bukatuta dagoen arren, aurrerantzean egiten diren tesiak, filmak edo liburuak sarean sartzeko aukera egongo dela; hala, ondarea osatzen joango dira.
Ez dute itzulpenik egin
Kooperatibismoarekin zerikusia duten orrialdeetan, besteak beste, Forokoop orrialdean, Arizmendiarrietaren ondarera sartzeko lotura egongo da. Mundu osora zabaldu dute Arizmendiarrietaren lana, baina, azpimarratu dute ez dutela itzulpen lanik egin; hau da, testuak Arizmendiarrietak idatzi bezala daude.