Euskalteleko txirrindulariak Import Arrasaten

Irati Agirreazaldegi 2009ko abe. 3a, 16:57
Astorek janzten ditu Euskalteleko txirrindulariak bizikletatik jaisten direnean, eta moda-modako arropekin jantzita azaldu dira Arrasatera goizean.

Instalazio berriak bisitatu dituzte: Astore, Doire eta Ternua marketako show room-ak erakutsi dizkiete lehenengo.

Ivan Velasco Euskalteleko txirrindulari arrasatearra eta Samuel Sanchez txapeldun olinpikoa gustura daude Astoreko arropekin: "14 urte dira  janzten ditudala eta erosoak dira", esan digu Sanchezek.

Bulegoetan arropa diseinugileekin moda kontuetaz jardun duen txirrindularirik ere izan da; koloreen gainean galdetu diete eurendako batik bat kolore iluneko arropak egiten badituzte ere.  Gero lantegia eta logistika departamentua ere bisitatu dituzte eta enpresaren gaineko azalpenak eman dizkiete ondoren.

Velasco Australiara

Kanpotik dotore jantzita, baina txirrindularitzan emaitza onak lortzeko barrutik ere jantzi beharra dago. Hori dela-eta Ivan Velasco arrasatearra  hasia da entrenatzen: "Urtarrilean, Australian dut lasterketa eta orain dela hiru aste hasi nintzen gertatzen; poliki-poliki forma hartzen ari naiz. Apirilean hiru saihets apurtu nituen eta abuztuan erradioa, baina osatuta nago. Gogor hasi behar naiz, iaz lasterketa gutxi egin nituelako", dio.

Sanchez Tourrean

Samuel Sanchezek zehazteke du egutegia, baina apustu nagusia Frantziako Tourra izango dela dio: "2010eko Tourra oso polita izango da guretzat lau edo bost etapa Pirinioetan izango direlako eta han erabakiko delako Frantziako Tourra; gure zaleei ahal dugun dena eta gehiago ematen saiatuko gara eta Pirinioetan etapa bat irabaztea ametsa litzateke. Euskal Herriko itzulian egongo naizen ez dakit; baina lasterketa horretan hiru garaipen lortuak ditut, podiumean ere izana naiz, baina podiumean gorengo mailan egotea besterik ez zait falta, eta hori nahi nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak