Euskal zinemaren harrobia osasuntsu dagoela erakutsiko du Film Laburren zirkuituak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 21a, 20:11
Datorren eguenean, hilak 26, VI. Film Laburren zirkuitua Arrasatera helduko da. Zortzi film proiektatuko dira ordubete iraungo duen emankizunean. Zortzi filmetatik bitan debagoiendar bik hartu dute parte errealizazio lanetan. Kulturaten izango, eguenean, 19:00etan.

Euskal zinemak badu nondik edan. Baieztapenarekin ados ez dagoena joan dadila eguen honetan, hilak 26, Kulturateko areto nagusira, 19:00etan. Bertan euskaldunek ekoiztutako zortzi film labur ikusi ahalko dira. Izan ere, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak kudeatzen duen Film Laburren zirkuitua ekarriko du AED elkarteak Arrasatera.
Aurten sei urte beteko ditu ekimenak; hauek dira helburuak: kultur eskaintza aberastea, euskararen erabileran eragitea, film laburren arloa ezagutaraztea, euskal zinemagileei zirkuitu duina eskaintzea eta euskarazko ekoizpena sustatzea.

Debagoiendarren presentzia
Zortzi filmeetatik bik debagoiendar bat dute egileen artean: Lo bakarrik eta PD Ondo Ibili.
Lehen lanak Iban del Campo arrasatearra du egile. Zinemaren mundua ondo ezagutzen du Del Campok, VI. Film Laburren zirkuitura aurkeztu duena seigarren lana baita dagoeneko. Lau dokumental eta fikziozko beste film bat pantailaratu du aurretik.
Bigarren lanean, bestalde, Yera Sanchez aretxabaletarra da egileetako bat. Sanchez PuntutapArte Produkzioak taldeko kide da. Taldeak aurkeztuko duen filmak jaso du errekonozimendua; urtarrilean Kameratoia izeneko zirkuituan hirugarren saria irabazi zuen. Eguenean Kulturaten egongo da Sanchez.

8 filmeen deskribapena

'Kabia'
> 2007an filmatua, zortzi minutu. Egileak: Amaia Uribe, Garazi Sanchez, Nagore Arozena, Garazi Rodriguez, Egoitz Sanchez eta Maialen Sukunza.
> Behin eta berriz saiatu arren bakardadea gainditu ezin duen pertsona baten kasua islatzen du.

'Lo bakarrik'
> 2008an grabatua, 14 minutu. Egilea: Iban del Campo arrasatearra. Kazetaritzan lizentziatua, Sormenezko dokumentalean masterra egin zuen. Egun ikus-entzunezko irakaslea da Huhezin.
> Insomnioak jotako emakume batek dena probatu du lokartzeko, edozertarako gertu dago...

'Musika'
> 2007an filmatua, lau minutu. Egilea: Asier Urbieta.
> Haur batek errespetua zer den ikasiko du, miresmenaren bidez.

'Berde'
> 2007an muntatua, zortzi minutu eta 40 segundo. Egileak: Jose Luis Barredo eta Iñigo Gartzia.
> Bikote bat lagun afari batera doa kotxean...

'Egiatik gezurrezko bizitzara'
> 2008an filmatua, hiru minutu eta 57 segundo. Egilea: Ostegunean afaria zure kontu taldea.
> Gazte bat patuari azalpena aurkitu guran dabil. Egia aurkitzeko loturak bilatu behar dira.

'Poema baten irakurketa euskal herrian'
> 2008an grabatua, 12 minutu. Egileak: Xabier Iñarrairaegi eta Karlos Eriz.
> Torturaren Aurkako Taldeak ekoiztutako lana.

'P.D. ondo ibili'
> 2008an ekoiztua, bi minutu eta 45 segundo. Egileak: PuntutapArte Produkzioak taldea, tartean Yera Sanchez aretxabaletarra.
> Leirek munduari bira eman gura dio, baina ezin. Hortaz, irudimenaz baliatuz Donostian aurkituko ditu bisitatu gura dituen hiriak.

'Bankuaren lapurreta'
> 2008an filmatua, hiru minutu eta 15 segundo. Egileak: Unibertsitateko ikasle batzuk.
> Hiru mafiosok Bilboko banku bat lapurtu gura dute...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak