Etxeko eskalatzaileak Ander eta Markel Mendieta, Josu eta Iñaki Viejo, Ander Lasagabaster eta Mikel Belasko izan ziren. Euskal Herrikoak, ostera: Hernaniko Antton Zabala, Pasaiako Oier Iribarren, Donostiako Haritz Dominguez, Azpeitiko Beltza eta Gorka Kara, eta Gasteizko Jon Sard.
Lau bide igo behar zituzten
Antolatzaileek lau bide gertatu zituzten; bi samur eta beste bi zail. Esan behar da bideak prestatzen Patxi Usobiaga bi bider Munduko kopako txapelduna izandakoa ibili zela. Bide samurrak eskalatzaile guztiek igo zituzten, Euskal Herriko selekzioko kide batek izan ezik. Bide zailak, ostera, oso gogorrak izan ziren eta ezin izan zituzten igo. "Azken emaitzan, igoera saiakerak hartzen dira kontuan. Hau da, Euskal Herriko selekzioko kideek saiakera gutxiago egin behar izan dituzte puntu berdinak lortzeko", azaldu zigun Josean Mulas antolatzaileak.
Arrasatekoek, maila ona
Lehenengo aldia da horrelako duelu bat egiten dutena, eta Mulas pozik zegoen emaitzarekin: "Helburua Arrasaten dagoen maila ona erakustea izan da; Euskal Herriko selekzioaren aurka gutxigatik galdu dugu", azpimarratu zuen Mulasek.
Goizean, Santamas txapelketa
Dueluak ikusmina sortu bazuen, Santamas txapelketak sortutako ikusmina ez zen gutxiago izan. 95 eskalatzaile batu ziren Uarkapen 7. Santamas txapelketa jokatzeko. Mailetan banatuta, lau paneletan egindako zortzi bide igo behar izan zituzten eskalatzaileek.
Nagusien mailan, adibidez, nesketan Itziar Rodriguez izan zen txapelduna eta mutiletan Haritz Dominguez. Beste taldeak izan ziren: 20 urtez azpiko mutilak, neska herrikoiak, mutil herrikoiak, infantil neskak eta infantil mutilak.
Nesken entrenatzaile-dinamizatzailea
Mulasek lehiaketa amaitzerakoan azaldu zuen nesken parte-hartzea ona izan zela; baina, beti bezala mutilak baino gutxiago animatu zirela. Horren harira esan zuen, eskalada elkartea sortzen dutenerako nesken entrenatzaile-dinamizatzaile figura sortzekotan dabiltzala, neska gehiago animatzeko eskalada egitera.