Arima rokeroa nabarmena da Arrasaten. Baina 360 aretoak badaki beste musika estilo batzuei lekua egiten; are gehiago pizkunde azpimarragarria daukan estilo bati.
Hip hop jaialdia izan zen barikuan 360 aretoan. Nafarroako hiru talde aritu ziren: Iruñako LUR (Leyenda Urbana); Atarrabiako ZTK Rap; eta Uharteko Puto Punki.
Telebista eta filmetan ikusi daitekeen AEBetako iruditik urrun, Euskal Herrian eginiko hip hop-az gozatzeko aukera izan zen. Ehun pertsona inguru gerturatu ziren. Arrasatetik, Nafarroatik edota Santanderretik etorri zirenik ere izan zen.
Euskal Herriko hip hop-a
Puto Punki gazteak eman zion hasiera gauari. Bere berba jarioarekin harrituta utzi zituen bertaratutakoak; gaueko ezustea izan zen zalantzarik gabe. Estilo oldarkorraz eta etengabeko jarioaz giroa berotu zuen. Leher eginda bukatu zuen eta ia ahots gabe, dena emanda. Eskertzekoa benetan egin zuen lana. Atzetik zetozenendako maila altua utzi zuen Iruñako gazteak. Bigarren, ZTK Rap taldekoak taularatu ziren; hiru abeslari eta disko-jartzailea. Azken honek eman zion taldeari berezitasuna. Hain zuzen ere, berak eginiko musika baseak zuzeneko bikaina eman zion.
Eta gauari amaiera emateko Txantreako LUR taldea. Ibilbide luzea dauka eta 1996tik euskal hip hop-aren aitzindariak dira. Estudioko hirugarren lana aurkeztu zuten En el interior. Estilo aldaketa nabarmena izan dute eta zuzenekoan igarri zen hori. Abesti zaharrak berriekin tartekatu zituzten. Abesti berriak ordea aipatzekoak dira, izan ere, zuzenekoetan gitarra doinuak sartzen baitituzte. Taldearen jarraitzaile batzuei gehiegi gustatu ez zitzaien arren, Leyenda Urbana taldearen musikari beste dimentsio edo aukerak zabaltzen dizkiola iruditu zitzaigun.
Jarraitzaile sutsuak
Jaialdi berezia izan zen zalantza gabe. Gainera, ikusleen jarrera beroa aipagarria da. break dance-a egitera animatu zirenik ere izan zen. Bukatzeko disko jartzaileak hip hop-a jartzen jarraitu zuten gaueko ordu txikiak arte giroa gehiago alaituz eta berotuz.