Debagoieneko Eskalatzaileak taldeko Mikel Castillo, Euskadiko federazioko ordezkari Antxon Burcio eta Ternuako komunikazio arduradun Unai Artetxe izan dira aurkezpenean. Hasteko, Castillok onartu du gaurko ekitaldia boulder txapelketa aurkezteko egitearekin batera, kluba bera ezagutarazteko ere egin dutela: "Dagoeneko urtebete daramagu lanean, eta orain arte txapelketa hau lagun koadrila moduan antolatu dugu. Oraingoa, baina, klub moduan izango da", adierazi du Castillok. Eskalada taldearen helburua eskalada sustatzea izango da, bai maila gorenean lehian dabiltzan eskalatzaileekin, eta baita kirol honetako hasiberriekin ere".
Ondoren, Antxon Burciok azaldu du Arrasateko taldeak zelan onartu duen federazioak botatako erronka: "Bailara honetan eskaladak geroago eta indar handiagoa du, eta Debagoieneko Eskalatzaileak taldea sortzeak egonkortasuna eman dio ibarreko eskaladari. Gainera, hemen dagoen bultzadagatik erabaki zen Gipuzkoako teknifikazio zentroa ere bertan jartzea. Txapelketa Arrasaten egiteko proposamena egin genien erakutsi dutelako txapelketa ondo antolatzeko gauza direla".
Elite mailakoa, baina baita herrikoia ere
Abenduaren 19an Euskal Herriko eskalatzaile onenak batuko dira Uarkapen: "Txapelketa horretan elite mailako eskalatzaileek hartuko dute esku, baina, urtero moduan, kategoria herrikoia ez dugu alde batera utziko, arrakasta handia du-eta". Iaz Joxean Mulasek zuzentzen dituen Euskadiko selekzioko eskalatzaileek Arrasatekoen kontra neurtu zituzten indarrak, eta oso giro polita egon zen Uarkapeko harmailetan. Aurten ere antolatzaileek ez dute gutxiago espero, jakinda, hilaren 19koa Euskadiko Txapelketa izango dela.
Bigarren urtez Ternuak babestuko du Santamasetako txapelketa, eta alde horretatik, Unai Artetxek azpimarratu du etorkizunean ere berdin jarraitzeko asmoa dutela.