Euskal diaspora izango dute aztergai 50 ikerlarik

Julen Iriondo 2009ko urriaren 20a

Euskal diasporaren gaineko ikerketak aurkeztu eta hauen gainean jardungo dute munduko hainbat tokitatik etorritako adituek aste honetan Arrasaten. Atzo, martitzena, hasi zen “Euskal Herria Mugaz Gaindi” nazioarteko mintegiaren seigarren edizioa, eta eguena bitartean luzatuko da. Martitzenean, adibidez, Habanako “Asociacion Vasco-Navarra de Beneficencia” delakoaren gainean jardun dute.

Euskal diasporaren gaineko ikerketak plazaratzeko batzar zientifikoa izan nahi du Euskal Herria Mugaz Gaindi deiturikoak. Seigarren aldia du aurtengoa nazioarteko mintegi honek, eta Gasteizen, Montevideon, Baionan eta Californian egin eta gero iritsi da Arrasatera.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, euskaldunok munduan dugun presentzia ikertzen diharduten atlantikoaren bi aldetako 50 adituk hartuko dute parte, eta euskal diasporak Euskal herrian zein atzerrian izan duen eta duen eraginaren gainean jardungo dute. Aurkeztuko diren ikerketen izenburuetako batzuk hauek dira: “Euskalerria txiki bat eraikitzen Panpa hezean, Argentinan”, “Euskaldunak prentsa amerikarrean”, “Arantzazuko Amabirgina Potosin”...

Aurtengo mintegiak baditu berrikuntza batzuk. Adibidez, euskal diaspora ikuspegi historikotik soilik aztertu beharrean, artearena ere oso kontuan izango dute: honela, literatura, argazkigintza edo erretaulagintzarekin lotutako gaiak ere jorratuko dituzte. Mintegiko azken egunean, berriz, ikerlari gazteei emango diete hitza, euren lanak aurkeztu ditzaten. Ino Galparsoro alkateak eskerrak eman dizkie antolatzaileei mintegia Arrasatera ekarri izanagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak