Espainiar estatuko kadete mailako zortzi pertika jauzilari onenak gonbidatu zituen Federazioak zapatuan Madrilen jokatu zen kriteriumera. Tartean ziren bi arrasatear, Lore Mar eta Maialen Axpe, gaur egun zortzikote horretan indartsuenak.
Lore Marrek ez zuen txapelketan egoterik izan, atzerrian baitago; bai, ordea, Maialen Axpek. Egon, irabazi eta Euskadiko marka berria jarri gainera.
Axpek lehenengoan egin zituen 2'80 metrotik 3'26ra arteko jauziak. Azken horrekin zentimetro bat ondu zuen bere marka pertsonala, eta Euskadiko errekorraren bila abiatu zen ondoren. 3'31n zuen errekorra Lore Marrek, eta hirugarren ahaleginean egin zuen Axpek 3'32koa. 3'40koarekin ere saiatu zen, baina ez zuen gutxigatik lortu. "Egindakoak meritu handia du, haize beldurgarria zegoen-eta", adierazi digu Jonatan Perez entrenatzaileak. Hurrengo jomuga Espainiako errekorra izango du Maialen Axpek: 3'46 metro.