Euriak arazoak eragin ditu Arrasaten

Ubane Madera 2009ko urt. 27a, 13:11
Arrasateko hainbat puntutan dagoeneko eragin ditu arazoak euriak. Bedoñara bidean, Altamira goikoan, Monterronen eta Polmetasa berrira bidean dagoen oinezkoen pasealekuan, besteak beste.

Obra eta Zerbitzu Sailetik emandako xehetasunen arabera, Bedoñara bidean, pinuak kendu dituzten mendi zatian, ura dator goitik behera; harri eta bestelako hondakinekin etorri da ura, eta bidea oztopatu egin dute. Dena den, gaineratu dute dagoeneko txukundu dutela apurtxo bat egoera.

Altamira goikoan, berriz, hilerrirako bidean (Makatzena alderako aldapan) lurjausia izan da eta makina hondeatzaileak bidali dituzte, bidea garbitzera. Lanean dihardute une honetan.

Monterron parke inguruan ere badira arazoak. Hango arketak zabaldu ezinda dabiltza eta urak gainezka egin du zenbait puntutan.

Oinezkoen bide zatia, itxita

Bestalde, Garaia inguruan, Polmetasa berrira bidean dagoen oinezkoen pasealeku zatian, goiko ezpondako zati bat jausi egin da. Hori horrela eta ikusita ezponda zati handiagoak jausteko arriskua dagoela, bide hori itxi egin du Udaltzaingoak. Eta oinezkoendako mezua ere bidali dute Udaletik: herritarrek errespeta dezatela itxiera hori eta ez pasatzeko handik.

Bukatzeko, Ikutixotik aurrera ur-putzu handiak daudela ere jakinarazi dute Obra eta Zerbitzu Sailetik, errepidea urez gainezka dagoela. Beraz, inguru hartan ere kontuz ibiltzea komeni da.

Horixe da, momentuz, Arrasateko erretratua. Dena den, Udaletik azpimarratu gura izan dute euriak ez duela atertu eta erraza dela eguna bukatu aurretik arazo gehiago sortzea herrian. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak