Etzi deklaratu beharko du Ino Galparsorok Garzonen aurrean

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko api. 28a, 11:16
Baltasar Garzon epaileak deklaratzera deitu du Ino Galparsoro. Arrasateko alkateak jaso duen zitazioak dio, "agintari judizialari desobedientzia" egin diola eta horregatik, Auzitegi Nazionalera joan behar dela Garzonen aurrean deklaratzera etzi, eguaztena, goizeko 10:00etan, inputatu gisa.

Ino Galparsoro Arrasateko alkateak komunikabideen bidez jakin zuen berria. "Zapatu goizean, etxean nengoela, irrati bidez entzun nuen albistea. Jakinarazpen ofiziala 13:45ean ekarri zidaten bi poliziek udaletxera", dio Ino Galparsorok. Baltasar Garzon epaileak, berriz, egubakoitzean hartu zuen Arrasateko alkatea deklaratzera deitzeko erabakia, PSE-EEk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako mozioa bozkatzeko Arrasaten egin zuten ez ohiko osoko bilkuraren hurrengo egunean. Udalbatzarrak ez zuen mozioa onartu.

Urrats bat gehiago

Ino Galparsororen iritziz, gertaera hau "zorakeria honetako urrats bat gehiago da". "Argi dago EAE-ANVren aurka egiteko edozerk balio duela", gaineratu du. Arrasateko alkateak abokatuari erakutsi dio poliziek eramandako jakinarazpen ofiziala eta gaur, astelehena, goizean, aztertuko dute gertaera elkarrekin.

Baltasar Garzon epaileak otsailaren 8an kaleratu zuen EAE-ANVren jardueren etetea agintzen duen autoa eta agindu hori bete ez izana egotzi diolako deitu du deklaratzera Ino Galparsoro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak