"Etxez etxeko laguntzan maitasuna eta segurtasuna helarazi behar dira"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko maiatzaren 27a

Alfonso Gurpegi (Sestao, 1962) Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria Arrasaten izan zen atzo, Arizmendiko Lanbide Heziketa sailak Ferixalekuan antolatu zuen Erizaintzako laguntzaileak gaur jardunaldian. Etxez etxeko laguntzaren etorkizunaren gainean aritu zen Gurpegi; harekin egon ginen hitzaldiaren ostean.

Nolakoa da etxez etxeko laguntzaren etorkizuna?
Biztanleriaren zahartzeak eta gizarte politiken aurrerapausoek etxez etxeko laguntzaren sektoreko jarduna asko haziko dela pentsarazten digute. Beraz, erizain laguntzaileen beharra egongo da, eta oso garrantzitsua da horiek ondo prestatuta izatea.

Zeintzuk dira, bada, laguntzaileon ezaugarriak?
Ezinbestekoa da zerbitzua jasoko duten pertsonen oinarrizko ezaugarriak ezagutzea.
Bestalde, erizain laguntzaileari oso mesedegarriak izango zaizkio, besteak beste, mugikortasunaren, elikaduraren eta lehen sorospenen gaineko ezagutzak izatea. Praktikan, baina, garrantzitsuena da enpatiarako gaitasuna izatea, eta maitasuna eta segurtasuna helarazten jakitea.

Zeintzuk dira eskari nagusiak?
Osasun zerbitzuendako, gaixoak izan daitezke, baina gizarte zerbitzuetan erabiltzaile moduan tratatzen ditugu. Hala, garbitasunerako eta mugikortasunerako eskariak dira nagusi.

Erizain laguntzaileak psikologo izaten jakin behar du?
Psikologoen esparru profesionalean sartu barik, baina enpatia jarrera erakustea beharrezkoa da; entzuten jakitea eta mendekotasun egoeran dagoen pertsona bati zuzentzen jakitea. Izan ere, mendekoa den pertsona nagusiak ez du duintasuna galdu, eta hori gogoan izatea oso garrantzitsua da.
Krisiak gizarte zerbitzuak ere astindu ditu; gogor, gainera.
Moteltzea ekarri du, baina ezinbestekoak direla agerian geratu dira; zerbitzua hobetzea erakunde zein profesionalon ardura da.

Erizainen beharra

Udalak aldi baterako lan poltsa sortuko du

Udalak erizaintzako diplomadunendako lan poltsa sortuko du. Hau da, horiendako plazetan aldi baterako zerbitzuak emateko beharrei erantzuteko lana eskainiko du. Lan poltsak hiru urteko balioa izango du, sortzen den egunetik hasita. Hauek izango dira eskatzaileen egitekoak, besteak beste: ospitaleko sartzeak eta kanpoko kontsultak jarraitzea, egunero medikamenduak prestatu eta banatzea, medikuekin lankidetzan aritzea, botikin zerbitzua eman eta sendaketak jarraitzea, eta odol ateratzeak egitea.
Deialdia presazkoa da, eta ez da jarraituko eskabideak aurkezteko eta onartzeko izapidea, eta oposizioetako hautaketa sistema osatzen dutenek zuzenean aurkeztu ahalko dira. Langai zerbitzuan eta eskualdeko INEMeko bulegoan ere emango dute lan poltsaren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak