Etxez etxeko jan-zerbitzua Musakola, Makatzena edota Erguinen bizi diren pertsona nagusientzat irtenbiderik hoberena dela uste du Alternatiba-Zutik koalizioak, erdigunetik urrun geratzen diren auzoak direlako. Era berean, krisia dela-eta ekonomikoki larri dabiltzan familiei ere zerbitzu hori erabiltzeko aukera ematea nahiko luke koalizioak.
Nagusientzako jangela zerbitzua
Baldin eta proposamenak aurrera egingo balu, udalak martxan ipiniko duen nagusientzako jangela zerbitzuaren osagarri izango litzateke neurria. Jangela zerbitzua Iturbide egoitzan emango dute, bakarrik bizi diren adineko pertsonei laguntzeko. Jangela horretan, 8 euro ordainduta, bazkaldu eta afaltzeko aukera izango dute nagusiek, 15 inguruk gehienera: 4 euro t'erdi kostako da bazkaria; eta hiru t'erdi, afaria. Eguerdiko ordu batean izango da bazkaria; eta iluntzeko zortzietan, afaria, urteko 365 egunetan.
Behin-behineko araudia, GAOn
Behin-behineko araudian jasotako baldintzak dira horiek. Araudia gaur, eguaztena, argitaratu dute Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta, irailean, bere horretan jarriko da indarrean, abuztuaren 19a baino lehen alegaziorik aurkeztu ezean. Alegaziorik egoten bada, aztertu egin beharko dira eta horrek zerbitzuaren hasiera eguna atzeratzea ekarriko du, seguruenik.