Etxeko laguntza jasotzen dutenendako farmazia zerbitzu berria, onartuta

Ubane Madera 2010ko mai. 7a, 13:40
Zerbitzu berria abiaraziko du Udalak, etxeko laguntza zerbitzua jasotzen duten herritarrei onura egingo diena. Labur esanda, pertsona bakoitzak aste guztirako behar dituen botikak farmazian bertan prestatuko dizkiote, pastilla-kaxetan. Gipuzkoako Botikarien Elkartearekin hitzarmena sinatuko du orain Arrasateko Udalak, zerbitzu berria abirazteko. Ekimen horretan parte hartzea borondatezkoa izango da.

Bi helburu ditu zerbitzu berri horrek: batetik, herritar bakoitzak beharrezkoa duen medikazioa behar bezala har dezan laguntzea. Bestetik, botiken arrazoizko erabilera bideratzea. Izan ere, botikak farmazian bertan prestatuz gero, pertsona bakoitzak beharrezkoa duena kontsumituko du bakarrik, eta ez orain moduan, botika kaxa osoak erosi beharra izaten dutela.

%40 aurreztu

Datu bat: gaur egun botikak banatzeko sistema hori erabiltzen duten herrietan gastuaren %40 aurrezten dute. Adibidez, Eskoriatzan sistema hori martxan dute, eta Arrasateko Udaleko Gizarte Saileko teknikari-buruak jakinarazi duenez, “oso ondo funtzionatzen du”. 

Ez da derrigorrezkoa

Edozelan ere, zerbitzu horretan parte hartzea borondatezkoa izango da. Onartzen dutenei zerbitzuaren funtzionamenduaren gaineko oinarrizko azalpenak emango dizkiete farmazilariek etxez etxeko laguntzaileei eta, baita ere, etxean nagusiak zaintzen dituzten senitartekoei ere. Eta gero, farmazilaria eta familia medikua arduratuko dira jarraipena egiteaz. 

240 onuradun

Arrasaten, gaur egun 240 pertsona daude etxez etxeko laguntza jasotzen. Horiexek izango lirateke momentuz onuradunak, baina helburua da denborarekin adineko guztiei zabaltzea zerbitzu hori eskuratzeko aukera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak