Etorkinen auzian herritarrek jarrera aktiboa izan behar dutela dio Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2008ko aza. 4a, 11:08
Inmigrazioaren gaia aspaldiko kontua da. Euskal Herria emigrazio lurralde izatetik etorkinen helmuga izatera pasa da, eta Arrasate ere bada horren lekuko. Azken urteetan, gainera, etorkin kopuruak nabarmen egin du gora Arrasaten.

Etorkinek udalerrian bizi duten egoera aztertzeko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak diagnostiko bat bultzatu du kolektibo honen ezaugarriak jaso eta gaia sakonago aztertzeko asmoz. Azterketa Prospektiker deritzon ikerketa etxeak gauzatu du, eta helburua Arrasaten bizi diren etorkinen inguruan ahalik eta informazio gehien jasotzea da. Informazio honen bitartez etorkizunean inmigranteei dagozkien arloetan esku hartzerakoan irizpideak finkatu ahalko ditu Arrasateko Udalak.
Datuok herriari ezagutarazteko asmoz, diagnostikoaren txostena aurkeztuko du Udalak. Udaletxeko pleno aretoan egingo da prentsaurrekoa; etzi, hilak 5, 18:00etatik aurrera. Udalak jakinarazi du aurkezpena arrasatear guztiei zuzenduta dagoela.

Gorakada nabarmena

Egun 721 etorkin daude erroldatuta Arrasaten. Ez dira gutxi, are gehiago, erroldatu gabekoak beste hainbat izan daitezkeela suposatzen badugu. Azken urteetan etorkinen kopuruak gorakada handia izan du. Izan ere, 2002 urtetik 2008ko otsailera, 3,6 aldiz biderkatu da Arrasaten erroldatu diren etorkin kopurua. Hau da, orain dela sei urte 199 inmigrante zeuden eta egun 721 dira. Horrek esan nahi du Arrasateko biztanleriaren %3, 27a inmigrantea dela.

Europatik kanpokoak gehienak

Arrasatera datozen etorkin gehienak urrutitik datoz, Europa Erkidegotik kanpo. Kolonbiarrak, marokoarrak, boliviarrak eta ekuadortarrak dira gehienak, eta gurera etortzearen arrazoiak anitzak eta konplexuak dira. Etorkin hauetako gehienak euren bizi baldintzak hobetzera datoz, baina badira beste arrazoi batzuk: familiarekin biltzeko asmoz –familia bateratze prozesua–, arrazoi politikoak direla-eta, eta segurtasun handiagoaren bila datozenak, adibidez.

Etorkinek, zailtasun handiak

Udaleko Ongizate Sailaren arabera, etorkinek zailtasun handiak dituzte hasierako hilabetetan. Lanpostu edo etxebizitza bat aurkitzeko, eta egoera juridiko erregularizatzeko hamaika dira oztopoak. Eta zailtasunok arintze aldera, Udalak honakoa ondorioztatu du: etorkinen gizarteratzea norabide bikoitzekoa eta dinamikoa izan behar dela. Hau da, herrialde hartzaileak –hots, guk– gaian jarrera aktiboa izan behar duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak