Estricalla: musika eta indarra

Iker Barandiaran 2009ko uzt. 19a, 23:51
Kontzertu bitxia, ohituta gaudenarekin alderatuta egubakoitzean gaztetxean eskaintza ezohikoa batu zuena. Eskertzekoa da bestelako taldeak ikusteko aukera izatea: Berlingo Blitztraktor, Kantabria-Euskal Herriko Estricalla, eta Arrasateko Material Rechazado eta Fight To Life.

Lehenik eta behin, Berlindik etorritako Blitztraktor. 90eko hamarkadan hainbatetan bisitatu gintuzten Fuck You Crew taldeko Stevek eta Ao Wollok-eko Dedeek beste bi mutilekin batera talde berria egin dute. Iraganeko fusioa alboratu, eta metal kutsua daukan punk-hardcorea egiten dute alemanez. Buzoekin , gogor aritu ziren, baina igarri zen taldeak denbora gutxi duela indarrean, eta ez zuten espero genuen ikuskizuna eman agertoki gainean.

Komunikatzaile ona

Atsedenaldi baten ostean, Corazon del Sapo eta Kuraia taldeen sortzaile Fer Apoak eta Kantabriako Kloakao taldeko kideek sortu berri duten Estricalla igo zen agertokira. Euskal Herrian ematen zuten bigarren kontzertua izan zen eta jakin-min handia zegoen (Iparraldetik ere etorri ziren ikusle batzuk).

Hau ere talde hasi berria bada ere, aspaldian ikusi dugun hardcore emanaldi indartsuenetako bat eman zuten. 40 minutu pasatxoan kaleratu berri duten Gimnasia revolucionaria laneko pieza zuzen-zuzenak eta hainbat bertsio eskaini zituzten. Horien artean, han batutako askok irrikaz oroitzen duten El Corazon del Saporen Stop control, Matarifes eta beste; Los Crudos, Bad Brains eta RIPen kantu bana, eta baita La Perrera eta Cosmic Psychos-en kantu rockeroagoak ere; azken horiek ustekabea askorendako.
Fer Apoa beti izan da frontman eta abeslari indartsu eta komunikatzailea eta hala jarraitzen du, hardcorea, erresistentzia eta amorrua errebindikatzen. Modu berean, alboan dituen musikari kantabriarrak ere oso ondo aritu ziren, batez ere bateria jotzailea. Guztien artean hardcorea bizi-bizirik dagoela erakutsi zuten, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko kantuekin. Halako estiloak existitzen direla erakutsi gura diete gazteei.

Material rechazado, dotore

Arrasateko Material Rechazado punk taldeak hartu zuen lekukoa. Diskoa dute eta dezente hobetu dira; serioago hartzen dituzte kontzertuak eta ziurtasun handiagoa dute. Kantu propioez gain, RIP, Eskorbuto eta La Banda Trapera del Rioren bertsioak.

Bukatzeko, Fight To Life oi! talde gaztea Erguindik (Arrasate). Street-punk ildoan, Decibelios gogora ekarri ziguten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak