Estiloen entsalada, bertsioen jaiko menua

Txomin Madina Milikua 2009ko mar. 1a, 21:33
Sarrerak balio zituen bost euroen truke, musikaren azken hamarkadetako abesti eta talde ezagunen bertsioetaz gozatzeko aukera izan zuten zapatuan Arrasateko gaztetxera hurbildu zirenek.

12 izan ziren taula gainean aritu ziren taldeak; talde batzuk gainera, espresuki jai horretarako sortuak. Hori izan zen adibidez, Anger Surrenderen kasua: Anger eta Never Surrender taldeetako kideek jardun zuten bertan.

Gustu guztiendako

17:30ean hasi zen festa, eta heavy metala, rock-and-rolla edo doinu akustikoak, denetariko estiloak erabili zituzten abesti ezagunak eta ez hain ezagunak bertsionatzeko

Lehen aipatu ditugun Anger Surrender taldekoek adibidez, honezkero klasiko bihurtu den The Police taldearen So Lonely-ren moldaketa jo zuten, eta Dirty Acoustic Coversekoek, beste askoren artean, Ume Gaiztuaken kantuak. Juke-Ciferrekoak bestalde, The Dictators hartu zuten eredu. The Sonics, Ramones edo  Led Zeppelin bezalako historikoek ere euren bertsioak izan zituzten.

Talde bakoitzak, hiru ordu laurden inguru zituen bere kontzertua eskaintzeko, eta aipatzekoa da emanaldi batetik bestera egon ziren estilo aldaketek zekarten aberastasuna.

Jendearen erantzun ona

Jende kopuruari dagokionez, akaso Des-Kontrol taldeko kideek osatutako Deef-Coversen kontzertua izan zen jende gehien erakarri zuena, baina orokorrean, eta zegoen aukera zabalari esker, kontzertu guztietan egon zen ikusle dezente.

Baina gaua ez zen amaitu 12 taldeen kontzertuekin. Izan ere, DJn saioak hasi ziren orduan: batzuek punk-oi! musikarekin, besteek rock-and-rollarekin, festari amaiera eman orduko goizeko ordu txikiak izango ziren.

Soinuari dagokionez, eta estilo ezberdinak uztartzeak ekartzen ditzakeen zailtasunen gainetik, esan daiteke kalitate oso onekoa izan zela. Antolakuntza bestalde, bikaina izan zen: jaialdietan ohikoak izaten direnek ez zuten tokirik izan zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak