Estilo askotariko kanturik onenak 'etxeko' erara bihar gaztetxean, bertsioen jaian

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko otsailaren 27a

'Aurrera begira, bertsioz bertsio' izenburupean, bertsioen jaia izango da bihar gaztetxean. 17:30ean hasita, Arrasate eta inguruetako 12 talde eta lau DJk hartuko dute parte 12 ordu baino gehiago iraungo duen musika maratoian. Jaialdia herriko musikari eta musikazaleek antolatu dute. Besteak beste, Ramones, Led Zeppelin, Gluecifer, Rage against the machine eta The Sonics taldeen bertsioak entzun ahalko dira, zuzenean.

Arrasateko gaztetxeak beste musika maratoi bat biziko du aste bukaeran. Otsailaren 13 eta 14an Holidays in Bardulia punk-oi! jaialdiak Gipuzkoako 13 talde ekarri zituen, eta bihar, bertsioen jaia dela-eta, Arrasateko eta inguruetako 12 talde igoko dira gaztetxeko agertokira.
Herriko hainbat musikari eta musikazalek antolatu dute jaialdia. Aurrera begira, bertsioz bertsio izenarekin bataiatu dute, eta beraz, ez da nahastu behar orain dela urte batzuk herrian hain arrakastatsuak izan ziren 70eko hamarkadako jaia izeneko festaren bi edizioekin.

Hamarkada 'mugarik' ez
Jaialdi hartan herriko hainbat taldek 1970eko hamarkada ezin emankorragoak eman dituen musika taldeen bertsioak jotzen zituzten. Bihar, ordea, ez da hamarkada mugarik izango, eta atzoko zein gaurko talde handien kantu onenak entzun ahalko dira gaztetxean. Zuzenean, eta talde bakoitzaren ukituekin, hots, etxeko erara.
Hori bai, antolatzaileek gogora ekarri dute 70eko hamarkadako jaia, eta festa haren "arima berreskuratu ostean" antolatu dute biharko bertsioen jaia.

Bertsioen maratoia
Maratoia 17:30ean hasiko da eta ez da goizeko ordu txikiak arte amaituko: talde bakoitzak 45 minutuko emanaldia eskainiko du. 21:30ean atsedenaldia egingo da afaltzeko, eta 22:30ean Deef-Covers-ek (Des-kontrol) joko du. Gero, 12 taldeen emanaldiak amaitu ostean –ordurako goizeko lauak izango dira gutxienez–, DJ-en arteko lehia izango da: DJ Moe eta DJ Pottoko punk-oi! onena jartzeko borrokatuko dira eta DJ Gorok eta DJ Zabak, ordea, rock and rolla jarriko dute. Ia gustu guztiak asetzeko moduko maratoia, hortaz. Sarreren prezioa, sinbolikoa: bost euro.

Parte hartuko duten 12 taldeak
> DIRTY ACOUSTIC COVERS Sala, Alkorta eta Aginak distortsio bariko punk-oi!a eskainiko dute.
> INTERPRETE DESCONOCIDO Talde gaztea eta hasiberria.
> RABONES Ramonesen bertsioak, Arrasate eta Aretxabaletatik.
> FOX PELIN Foxy Boxxiren omenaldia Led Zeppelin taldeari.
> LOS CHULOPUTAS 1970eko hamarkadako punka eta rock and rolla, Oñatitik.
> XASTA AGAINST THE MACHINE Gasteizko Xasta taldeak Rage Against the Machine taldearen abestiak joko ditu.
> JUKE-CIFER Egun geldi dagoen Jukebox taldeak Gluecifer talde ezaguna gogoratuko du.
> ANGER SURRENDER Aspalditik lagunak diren Anger eta Never Surrenderen arteko fusio berezia.
> METAL SEX MACHINE Heavyaren ereserkiak ere entzun ahalko dira.
> PSICOSONICOS The 5 Twisters eta Last Rebelseko musikariek The Sonicsen kantuak joko dituzte.
> LOS SEDUCTORES Kalitatezko rock lasaia, Cretinos taldearen eta zenbait lagunen eskutik.
> DEEF COVERS Des-kontrol ere izango da biharko bertsioen jaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak