Espero baino gutxiago jaitsi dira prezioak etxebizitzen merkatuan

Ubane Madera 2009ko aza. 13a, 12:53
Jaitsi barik, etxebizitzen prezioa erregularizatu egin da. "Apurka-apurka prezioak erregularizatzen joan dira, baina ezin dugu esan jaitsiera handirik egon denik. Kasu oso konkretu batzuetan prezioa %20 jaitsi izan dute, baina etxebizitza onek ez; horietan asko jota %10eko jaitsiera espero daiteke, eta hori ere asko litzateke". Halaxe ikusten dute egoera Anboto higiezin enpresako aholkulariek.

Errentarekin ere, beste horrenbeste gertatzen da: "Logela kopuruaren araberako errentak dituzte etxebizitzek, baina batez-beste 650 euro balio dute". 

Txollorik ez dago

Bestalde, jakin badakigu askok esperantza dutela txolloren bat aurkitzeko, etxebizitza merkatua izugarri elikatu delakoan. Adibidez, hipoteka ezin ordaindu eta etxebizitza banketxearen esku utzita, banketxeek hura enkantera ateratzearen zain daude. Bada, halakoak gutxi daudela diote Anbotoko aholkulariek: "Egia da etxebizitza merkatua handitu egin dela; baina etxebizitza banketxeari eman baino lehen, jendeak nahiago du errentan ipini eta diru horrekin hipoteka ordaintzen segitu".   

Orokorrean, bada, txollorik ez dago. Hori da etxebizitza erosteko asmoa dutenei helarazi gura dieten aholkua: "Txollo bila joan ez daitezela, txollorik ez dagoelako; errealista izan behar dute  eta banketxearekin neurriko hipoteka adostu, euren baliabideen gainetik zorpetu barik".

Saltzeko, orain artekoa ahaztu

Etxebizitzen saltzaileendako aholkua, berriz, da oraingo merkatuaren prezioen arabera joka dezatela: "Ahaztu dezatela honako esaldi hau: etxebizitza hori orain dela zenbait urte X eurorengatik saldu zen, eta orain nire etxebizitza oparitzen nabil. Ez dakigu urte haiek noiz bueltatuko diren". 

Etxebizitzen saltzaileendako aholkua, berriz, da oraingo merkatuaren prezioen arabera joka dezatela: "Ahaztu dezatela honako esaldi hau: etxebizitza hori orain dela zenbait urte X eurorengatik saldu zen, eta orain nire etxebizitza oparitzen nabil. Ez dakigu urte haiek noiz bueltatuko diren". 

Adibide moduan, kontatu dute orain ez asko etxebizitza berria erosten zuten askok, bigarren eskuko etxebizitzarengatik ia berriaren besteko prezioa edo prezio bera eskatzen zutela eta horrekin etxebizitza berria ordaintzen zutela. "Gaur egun hori guztiz gelditu da". 

Espekulatzeko ez dute erosten orain

Eta ia erabat gelditu den beste joera bat da etxebizitza espekulaziorako edo inbertsiorako erostea: "Orain dela bost urte posible zen hori gertatzea, baina orain etxebizitza erosten dutenek beharra dutelako erosten dute. Eta arazo ekonomikoengatik hura saldu behar badute, erositako prezio berean saltzen ahalegintzen dira".





ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak