Espazio handia, Ferreriasko plazatxo berriarendako

Ubane Madera 2010ko api. 19a, 18:55
Plazatxo berria egiteko obrak hasita, herritar asko begira geratzen da harrituta Ferrerias kalean azken urteotan hutsik egon den orubean eskuratu duten espazioa ikusita. 'Kuku'-ren atzoko eraikina botatzen ibili dira justu gaur, martitzena. 300 metro karratu inguruko plaza eraiki gura dute han.

Harmailak izango ditu plaza horrek, albo bietan; baita jarlekuak ere, eta zailtasunak dituztenendako egokitutako iturria; jakina, plaza batek dituen bestelako elementuak ere gehituko dizkiote.

Horiek guztiak harria, harlauza eta egurrarekin egindakoak. Adibidez, egurra plazaren bazterretan ipiniko dute, “egur berezia izaten da, kanpoan erabiltzeko tratamenduak emanda izaten duena; Udalak gura du apur bat ausarta izan”, azaldu dute Udaletik.  

Pasabidea

Horrez gainera, Erdiko Kale eta Ferrerias kalea lotuko dituen pasabidea ere eraikiko dute. Hain justu ere, arrapala baten bitartez lotuko dituzte bi kaleok, 1,30 metroko desnibela gaindituko duena. "Aldapa oso samurra izango du eta eskaileratxoak tartekatuko dira", gaineratu dute udal iturriek. 

Etorkizunean eraikin berri bi

Edozelan ere, plazak ez du hartuko gaur egun libre dagoen orube guztia. Plaza hori orubearen erdialde inguruan eraikiko dute, izan ere, plazaren albo banatan Udalak erosita dauzka orubeak “Udal ekipamenduetarako bi eraikin egin ahal izateko”. Dena den, "hori ez da oraingo proiektuan sartzen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak