Espaloiak eta zebra-bideak egokitzeko lanak

Ubane Madera 2009ko otsailaren 19a

Egunotan herriko hainbat puntutan obra berriak hasi dituztela ikusi dugu. Hain zuzen ere, herritarren irisgarritasuna bermatzeko lanak dira egiten dabiltzanak. Lanak hasi berri dituzte, eta bi hilabete eta erdian bukatu beharko dituzte.

Arrasateko Udalak azkeneko lauzpabost urteotan dihardu irisgarritasuna bermatzeko lanak egiten. Oro har, espaloietara igotzeko bidea errazteko obrak dira egiten dituztenak, espaloien maila txikitu egiten dute. Horrez gainera, zebra-bideak ere egiten dituzte, gorri horietakoak, errepidea baino maila altuagoan daudenak, ibilgailuen abiada moteldu eta oinezkoari lehentasuna emateko.

Oraingo honetan, Erdigunean, Otaloran, Jose Luis Iñarra kalean, San Andres auzoan, Santa Marinan, Uriben eta Zigorrolan dabiltza, besteak beste, halako lanak egiten.

Obra eta Zerbitzu Sailetik emandako xehetasunen arabera, Xaxarki enpresa dabil oraingo lanak egiten. Lanak hasi berri dituzte, eta bi hilabete eta erdian bukatu beharko dituzte. 2008ko aurrekontuarekin egiten diharduten lanak dira. Hori horrela, 2009an halako egokitzapen lan gehiago egingo ditu Udalak, azken urteotan egin duen moduan. Lan horiei esker, herriaren egoera asko hobetu dela azpimarratu gura izan dute Obra eta Zerbitzu Sailetik.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak