Bergaran jokatu zuten eskolarteko txapelketa, zapatuan, maiatzaren 16an. Guztira, 70 bat gimnasta lehiatu ziren eta Dragoi taldetik parte hartu zutenen artean, alebin mailan Beñat Arizabaletak eskuratu zuen 3. postua eta kadete B mailan, berriz, Nerea Otxoak eraman zuen bigarren postua.
Granadako aerobic txapelketari dagokionez, berriz, aurreneko aldiz izan da arrasatearren ordezkaritza Espainia mailako txapelketa horretan. Eta ez dira ez esku hutsik bueltatu, laugarren postuan geratu dira-eta Arrasateko neskak, “lehenengo urtea izateko, benetan emaitza aipagarria” adierazi du Edurne Elkorok, Arrasate Dragoi Taldeko entrenadoreak.
Horrez guztiaz gainera, ohitura duten moduan, Musakolako San Isidro jaietan ere lanean ibili dira Dragoi taldekoak, erakustaldia egin zuten-eta, atzo, domeka. 5-18 urte bitarteko 115 neskek jardun zuten, taldeka edo bakarka egindako dantzetan, pilota, soka, uztaia, mazo edo zintarekin urtean ikasitakoak erakusten.