Justu, atzo bertan, astelehena, jaso dute arrasatearrek Madrilgo Gobernuaren baiezkoa. Eta erantzun horrekin “oso pozik” daude udal ordezkariak, bi proiektuak obra “oso inportanteak” dira-eta Arrasaterako.
Gainera, bi proiektu horiei baietz esan dien moduan, udal gobernuak espero du hirugarrenari ere baiezkoa ematea, baina hura beranduxeago aurkeztu zutenez, bada erantzuna ere beranduago iritsiko da.
Kontuak kontu, Espainiako Gobernuaren onespenari esker, Aldaiko eta Santa Marinako proiektuak gauzatu ahal izateko beharrezkoa den diru guztia Madrildik bidaliko dute, Tokian Tokiko Inbertsioen Fondo Estataletik. Guztira, 3,9 milioi euro.
Aurten egin behar
Kopuru horretatik 1.856.616 euro dira Aldain parke berria egiteko eta beste 1.691.093 euro Santa Marina auzoa eraberritzeko. Gainera, obra bi horiek aurten hasi eta aurten bukatu beharko dituzte, Tokian Tokiko Inbertsioen Fondo Estatalak hala derrigortzen duelako.
Hirugarrena: Erguin
Arrasateko Udalak aurkeztu duen hirugarren proiektuari dagokionez, berriz, Erguin auzoarekin lotutakoa da. Hain justu, auzo hartako hainbat eskailera tramu berritzeko gura du Udalak dirua erabili: Elizalde-Erguin, Elizalde-Udalpe, Udalpe-Anboto eta Jauregibarria-Udalpe. Egingo dituen berrikuntzen artean, besteak beste, farolak ipiniko dituzte eskaileretan, eta barandak ere bai eskaileren bi alboetan. Lan horiek egiteko 361.000 euro pasatxoko inbertsioa egin beharra dago.
Esandakoa, beraz, gainerako bi proiektuak onartuta, orain falta da Madrilek Erguingoa ere onartzea. Horren berri ere laster jakinaraziko dute.