Esne-makina ipini gura dute, esne batu berria partitzeko

Ubane Madera 2010ko urr. 26a, 14:22
Esne-makina ipini gura dute azoka plazan, baserritarren esnea bertan saltzeko, bitartekaririk gabe. Vending erako makina izango da, dirua sartu eta esne batu berria emango duena. Zerbitzu hori kontratatzeko lehiaketa abiaraziko du Arrasateko Udalak, baina helburua da "hemengo baserritarrei irteera ematea".

Lehiaketara aurkezteko beharrezkoa izango da bertako baserritarrekin edo baserriren batekin tratua egitea baserrian bertan batutako esnea makinan saltzeko: "Adibidez, baserritarrek elkarte bat sortuko balute euren esnea horra bideratzeko, edo baserritar bat arduratzea berak produzitzen duen esnea horra eramateaz… ez duguna nahi da enpresa handi komertzial horietako batek hartzea makina hori bere esnea bertan saltzeko", azaldu dute Obra eta Zerbitzu Sailetik.

Prezioa eta beste, zehazteko

Hortik aurrerako xehetasun guztiak zehaztu barik daude; esaterako zenbat esne litro izango dituen makinak, zein preziotan salduko duten eta beste. Lehiaketarako zehaztuko dute hori guztia. 

Hain zuzen, abenduaren 31n bukatuko dira gaur egun azoka plazan dauden saltokien kontzesioak eta orduantxe abiaraziko dute esne-makinaren zerbitzuaren lehiaketa.

Izan ere, Arrasateko azoka plazan 100 metro koadroko espazioa gordeko du Udalak esne-makina bertan ipintzeko.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak