Esklerosiaren aldeko jardunaldia egin dute

Edu Mendibil 2008ko uzt. 6a, 22:44
Seigarren urtez, esklerosi anizkoitzaren aldeko Busti zaitez kanpaina egin dute gaur Arrasaten, Musakolan. Aurten ere ez zuten zortea aldeko izan Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko (GEAE) kideek: eguraldi kaskarra egin du uretan murgiltzeko. Izan ere, esklerosiarekiko sentsibilizazioa pizteko asmoz, kanpainaren leloari jarraituz, jendea bustitzea, bainatzea zen helburuetako bat.
Esan bezala, ez da gaurkoa uretan ibiltzeko egunik aproposena izan. Berorik ez, eta igerilekuko ura fresko samarra. Dena dela, antolatzaileak, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko kideak pozik azaldu dira jasotako erantzunarekin. 

Guztira, 300 bat lagun gerturatu dira Musakolara GEAEren deialdiarekin bat egitera, baina gutxi batzuk animatu dira uretan sartzen. Eroski ondoan Rocioko jaia ospatu dute gaur eta handik asko eta asko hurbildu dira Musakolara. Aurten ere Arrasateko Toki Argi elkarteko kideen laguntza izan dute antolatzaileek. Hogei bat lagunek jardun zuten materiala saltzen eta informazioa banatzen.

Zuriñe Lopez GEAEko komunikazio arduradunaren hitzetan, “kanpaina honetan Arrasate izaten da izarretako bat, oso erantzun ona jaso izan dugulako beti. Iaz 1.200 euro inguru batu genituen. Eskertzekoa da ibarreko jendearen babesa zein Toki Argikoen laguntza”.

Esklerosiak jotako gaixoak gehiago badira ere, elkarteak Debagoieneko 20 bazkide ditu. Gipuzkoan, orotara, 650 lagunek daukate esklerosia. Gaixotasun sendagaitza da, galera fisiko zein psikologikoa dakarrena. Juan Antonio Unzurrunzaga bergararra GEAEko kidea da. “Horrelako ekimenak beti dira positiboak, gure problematika gizarteratzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten guztiei”. Datorren urterako eskaera bakarra: eguraldiak lagundu dezala.

Zentroa Donostian

 

Esklerosiaren alde Arrasaten egindako jardunaldiak jarraipena izango du datorren astean. Domekan, hilaren 13an, Donostia, Hondarribia, Errenteria, Orio, Zarautz, Zumaia, Eibar, Tolosa, Azpeitian eta Urretxun egingo dute Busti zaitez kanpaina. Iaz 40.000 lagunek hartu zuten parte eta marka hura gainditzea da helburua. Jasotako dirua errehabilitazio errekurtsoak finantzatzeko bideratzen ditu GEAEk. Elkarteko iturrien arabera Osakidetzako laguntza ez da nahikoa. Esklerosia gaixotasun neurologikoa da eta errehabilitazio fisiko zein psikologikoak berebiziko garrantzia dauka. Iazko maiatzean esklerosi anizkoitzaren eta beste gaixotasuna neurologikoen zentroa ireki zuten Donostian, Intxaurrondon, Zarategi pasealekuko 68. zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak