Errentan emango dituzten Zerrajerako etxeen giltzen entrega, eguaztenean

Ubane Madera 2008ko urr. 27a, 17:34
Javier Madrazo Etxebizitza Sailburua eta Ino Galparsoro alkatea izango dira, bestelako agintarien artean, Kulturateko ekitaldian. Izan ere, ekitaldi ofiziala egingo dute, 12:00etan. Eta sinbolikoa izango da ekitaldia, izan ere, etxebizitza horiek eskuratu duten pertsona bakoitza deituko dute banan-banan, giltzen entrega egiteko. Hori baino lehenago, baina, 10:30ak inguruan elkartuko dira maizterrak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, kontratuak sinatzeko.

Giltzen entrega ekitaldian izango dira, besteak beste, Javier Madrazo, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburua, Jose Manuel de la Fuente Alokabideko ordezkaria eta Ino Galparsoro, Arrasateko alkatea. Ekitaldi ofizialaren ostean maizterrek etxebizitzak estreinatu ahal izango dituzte. 

100 etxebizitza

Zerrajera inguruan eraikitako 100 etxebizitza dira guztira (Nafarroa etorbidean). Horietatik 42 bi logeladunak dira eta beste 58, hiru logeladunak. Errentari dagokionez, berriz, maizter bakoitzak kopuru jakina ordainduko du. Eta hori kalkulatuko dute etxebizitzaren tamainaren arabera eta norberaren errentaren arabera. Baina borobilduz gero, 300-350 euro hilean ordainduko dute maizterrek.

Bost urterako kontratua

Alokabide izeneko alokairu sozietatea arduratuko da etxebizitza horien kontratu eta halako kontuekin. Kontratua,hain justu, bost urterakoa izango da. Eta behin epe hori bukatuz gero, maizterrek Alokabidek zehaztutako baldintzak betetzen segitzen badute, berritu egin ahal izango dute.

Mota horretako aurrenekoak

Zerrajerako etxebizitza horiek aurrenekoak dira Arrasaten babestutako alokairu sistema erabilita bideratzen direnak. Zerrajerako gainerako 100ak ere (uztailean inauguratutakoak), emakida sistema dutenak, mota horretako aurrenekoak dira Arrasaten.

Horiek baino lehenago, ekimen pribatuaren bitartez sustatzen ziren babestutako etxebizitzak, 90eko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzaren aurreneko etxebizitzak egin zituzten arte. Jose Luis Iñarra kalean, Altamira inguruan eraiki zituzten eta promozio sozialekoak izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak