Eroskik jakinarazi du 7000 metro koadro handituko duela Arrasateko hiper merkatua

Txomin Madina Milikua 2008ko urt. 18a, 14:21
Eroskik jakinarazi du Arrasateko hiper merkatua handitzeko asmoa daukala, 7000 metro koadro, hain zuzen ere . Dendarien Elkarteek gogor kritikatu dute ideia hori eta salatu dute, gainera, proiektua legez kanpokoa dela eta ez duela errespetatzen Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Arloko Plana.

Arrasateko Eroski hiper merkatuak, gaur egun, 11.200 metro koadro ditu. Handitze proiektuarekin super merkatuaren azalerak berdina izaten jarraituko du, baina denden gunea, aparkalekua eta gainontzeko espazioak handiagoak izango dira. Eroskik 7000 metro koadro handituko du gaur egungo hiper merkatua. 18.200 metro koadro izatera pasatuz.

Eroskitik jakinarazi dute inguruko dendariek lehentasuna izango luketela hiper merkatuaren denda gune berrian aurreikusten dituzten 20 denda ingurutan kokatzeko. Dendari txikiek gogor kritikatu dute erabaki hau, eta salatu dute, gainera, ez duela legea errespetatzen.

Jesus Mari Elkorok, Ibai Arteko kidea azaldu du Eusko Jaurlaritzak lege berri bat ipini zuela martxan 2005ko otsailean lurraldeen oreka ziurtatzeko eta lege horrek mugak ezartzen zituela horrelako handitze proiektuendako. Arrasaten, esaterako, muga 13.000 metro koadrokoa dela adierazi du. bi urteko epea eman zien Udalei, euren hiri-ordenazioko udal-plan orokorrari egokitzapenak egiteko. Merkatariek salatzen dute Arrasateko Udalak ez duela horrelakorik egin.

Hori horrela, udalari eskatu diote legea errespetatzeko, eta jaurlaritzari, legea betearazteko.

Eroskik bere aldetik, adierazi du euren handitze proiektua legezkoa dela eta Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Arloko Plana betetzen duela. Gaineratzen du lege horren arabera dagoeneko eraikita eta martxan dagoen merkataritza zentro bat Udalerri bakoitzeko hirigintza planak ezartzen duen mugara arte handitu ahalko dela. Arrasateren kasuan, muga hori 28.000 metro koadrokoa dela azaldu dute Eroskitik.

Horrez gain azaldu dute obra lizentzia 2007ko martxoan eskatu zuten arren, aspalditik ari direla proiektu horretan Udalarekin elkarlanean, 2002tik hain zuzen ere.

Auzi honen inguruan Ino Galparsoro Arrasateko alkateari galdetuta, esan digu herriko plan orokorra 2005eko ekainean onartu zuela Jaurlaritzak, eta Diputazioak aldiz, urte berdineko abuztuan. Gaineratu du Udalaren  plan orokor onartu zutenerako, lurraldearen arloko plana onartuta zeukala Jaurlaritzak. Adierazi du baita ere, Eroskik aurkeztutako handitze plana momentu honetan lizentzia fasean dagoela, beraz martxan jartzeko alkatetzaren oniritzia bakarrik geratzen dela. Azaldu du dena den, baimena eman aurretik Ibai Arteren alegazioa aztertuko dutela.




ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak