Erdigunean Gazte gunea egokitzeko obrak, bihar, Udal gobernuaren batzarrean

Ubane Madera 2010eko uztailaren 29a

Herrian Gazte gune berria sortu gura du Arrasateko Udalak erdigunean; lokala aukeratuta dauka (Pablo Uranga 6an), eta hura egokitzeko lanak berbagai izango dituzte bihar, egubakoitza, ez ohiko batzarra egin behar duelako Udal gobernuak.

Pablo Uraga kaleko 6. zenbakian ipini gura du Udalak Gazte gune berria, gaur egun AED, Ekin eta Txatxilipurdi elkarteek erabiltzen duten etxabe horretan. Eta etxabe hori Gazte gune bilakatzeko obrak egiteko proposamena da bihar aztertuko dutena.

12-17 urtekoendako

Udalaren asmoa da bi gela egokitzea Gazte gune berrirako: bata, gela handi bat topagune izateko; eta bestea gune aktibo moduan erabiltzeko, futbolin, pin-pon eta halako jolasekin. Horrez gainera, komunak eta biltegia ere egokitu gura dituzte.

Gazte gune berria herri osoari zerbitzua emateko abiarazi gura du Udalak, erdigunean izango delako. 12-17 urte bitarteko gazteendakoa izango litzateke, eta asteburuetarako zerbitzua emango luke, auzoetako eskaintza osatze aldera.

Gazte guneak zela funtzionatuko zukeen baloratzeko eta gazte jendea mugitzen hasteko, Erdigunea Piztu izeneko ekimena egiten ibili da Txatxilipurdi elkartea azken hilabeteotan. Gazte gune berrirako zubi modukoa da Erdigunea Piztu.

Txatxilipurdi Nafarroa etorbidera

Bestalde, eta Gazte gunea Pablo Uranga kalean kokatu ahal izateko, gaur egun bertan dauden elkarteek, jakina, beste kokaguneren batera lekualdatu beharko dute.

Txatxilipurdi elkarteko zerbitzuak, esaterako, Nafarroa etorbidera eramango dituzte, Udaltzaingoaren egoitza berriaren goiko solairura. Dagoeneko hustu dituzte Pablo Uranga kaleko bulegoak eta hasi dira berriak betetzen.

AED eta Ekin Emakumeak elkarteei dagokienez, berriz, momentuz gaur egun dauden tokian segituko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak