Erdi Aroko azoka maiatzaren 10ean eta 11n egingo da

Maider Arregi 2008ko api. 29a, 17:43
Oraindik azkeneko xehetasunak lotzen dabiltza Udalean, baina datak zehaztuta daude eta dagoeneko egitarauaren zatirik handiena osatuta. Udaleko Kultura Sailetik iragarritakoaren arabera, 60 bat saltoki izango dira bi egun horietan Erdiko Kalen, Iturriotzen, Seber Altuben eta Herriko Plazan. Goizetik iluntzera arte izango dira zabalik, eguerdiko etenaldiarekin, jakina.

Eta postuetan, denetarik ikusi, erosi edo dastatzeko aukera: txokolateak, eztiak, gaztak, bitxiak, zilarrarekin egindako gauzak, narruarekin egindakoak… Ia saltzaile guztiak izango dira Euskal Herrikoak eta Arrasateko batzuk ere izango dira.

 

Eta Arrasatekoak saltzen ibiltzeaz gainera, aurten herriko hainbat elkartek ere parte hartuko dute Erdi Aroko azoka borobiltzen. Adibidez, iaz moduan, Doke antzerki taldeak Ezkontza lana antzeztuko du, Arrasateko Trikitilari Taldekoek ere jardungo dute giroa alaitzen, Txatxilipurdikoak ere ibiliko dira bueltan-bueltan eta AEDkoek, berriz, iragarri dute Arrasateko erdigunean egin zuten ibilaldi historiko gidatua errepikatu egingo dutela asteburu horretan.

 

Hori guztia, gainera, Erdi Aroko bandera eta ikurrekin dekoratutako kaleetan egingo dute, iaz moduan, aurten ere jantziko dituzte-eta Arrasateko kaleak halako elementu dekoratiboekin. 

 

Erdi Aroko azoka antolatzeaz Arrasateko Udala arduratu da, Naparbideak kooperatiba nafarraren laguntzarekin. Horren harira, esan beharra dago ekitaldi horren datak aldatu egin dituztela. Izan ere, hasieran iragarri zuten maiatzaren 24 eta 25ean egingo zutela aurtengo azoka, baina Naparbideak kooperatibak data horiek hartuta zituela-eta erabaki dute aurreratu eta maiatzaren 10 eta 11n egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak