Emakumeei zuzendutako erotismo ikastaroa antolatu dute aurreiritziak apurtzeko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko abenduaren 5a

Emakumeei zuzendutako sexualitateari buruzko ikastaroa egingo dute abenduaren 12an eta 13an Arrasateko Emakume Txokoak antolatuta. 'Gure erotismoa: sedukzioa eta zentzuak' izango da ikastaroaren izenburua. Ikastaroa Arrasateko Jabetze eskolako ekimen moduan antolatu dute, eskolaren helburuetan lagungarria izan daitekeelakoan. "Emakumeei autonomia eta jabetza bultzatzeko asmoarekin antolatu dugu ikastaroa", azaldu digu Esther Lizarralde Emakume Txokoko langileak.

"Sexualitatearen gaia ez da oraindik nahikoa lantzen hezkuntza formalean; eta, ez-formalean ere ez da lantzen edo ez behintzat modu egokian. Estereotipoz eta aurreiritziz jositako gaia da eta bakoitzak ahal duen moduan bizi duela esan dezakegu", azaldu du Lizarraldek. Hori horrela, Emakume Txokoak mahai gainean jarri gura izan du gaia, jasotzen ditugun mezu estereotipoak aztertu eta emakume moduan bizipen pertsonala eta kolektiboa lantzeko eta aberasteko.
Aurretik antolatu izan dituzte sexualitatearen inguruko ikastaroak, baina azaldu digute lehenengo aldia dela gaiari adar horretatik heltzen diotena: "Hau da, nola bizi eta sentitzen dugun gure erotismoa eta horrek duen garrantzia", dio Lizarraldek. Kontxi Lopez oreretarrak emango du ikastaroa, eta besteak beste: zer den erotismoa, nola bizi dugun sedukzioa, nola eta zer sentitzen dugun, zer gustatzen zaigun, zer ez… galderak erantzuten saiatuko da. "Ez dut ez libururik ezta filmik erabiltzen; teoria eta ariketak uztartzen ditut. Fina Sanzen teorian oinarritzen ditut ikastaroak", azaldu digu Kontxi Lopez sexologo eta gizarte laguntzaileak. Clara P. Wolfram sexologoaren laguntza izaten du Lopezek.

Emakumea, subjektua

Gure nahiak ezagutzea, gure desioekin eta emozioekin konektatzea, gure buruarekin dugun harremana eta sexualitatearen bizipena hobetzea; eta, modu horretan besteekin ditugun harremanak ere hobetzea dela ikastaroaren helburua azaldu digute Emakume Txokoko arduradunek. Gaineratu dute, kulturalki eta sozialki emakumeak desioaren objektua direla eta ez subjektua. Historikoki sexualitatea gizonezkoaren menpe egon da; gizonak dira subjektuak eta, beste hainbat arlotan bezala, rolak eta estereotipoak sexistak dira. Ikastaroak aukera eman gura du emakumeak kate horietatik askatu eta bakoitzak bere garapen pertsonala egiteko.

Dagoeneko ez dago plazarik

Joan den astean zabaldu zuten izen-ematea eta dagoeneko ez dago plazarik. 33 lagun inguruk eman du izena ikastaroan. Abenduaren 12an eta 13an egingo dute ikastaroa; egubakoitzean 16:00etatik 20:00etara, eta zapatuan 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era.
Aurrera begira, horrelakoak antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute. "Urtarrilean Jabetze Eskolako egitarau berria aterako dugu eta aipatutako prozesu horretan lagungarriak izan daitezkeen ikastaroak eskaintzen saiatuko gara", adierazi du Lizarraldek. Kontxi Lopez irakasleak badu ikastaroak Arrasaten izan duen arrakastaren berri.
 

Burua hobeto ezagutzea

Normalean horrelako ikastaro batera datorren emakumeak bere nortasuna landu eta bere gorputza ezagutu gura duela azaldu digu Lopezek. "Sedukzioaren inguruan ze jarrera duen eta norberak zer nolako mezuak bidaltzen dituen jakin gura izaten dute emakumeek. Baita, mezu horiek norberak uste eta sentitzen duenarekiko koherenteak diren edo ez", dio.
"Norbere burua ulertu eta gozatzea izaten da gehienek gura dutena, hori da uste dudana behintzat. Arrazoi nagusia norbere burua hobeto ezagutzea da", azaldu du Lopezek. Autoestimua landu eta norbere burua zoragarri ikusten laguntzen dute ikastaroan egingo dituzten ariketek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak