Kirola egitera bultzatu gura dituzte Emakumetxokotik martxoaren 8an. "Zure ahotsa zabaldu, martxan jarri" da aurtengo leloa – Marta Elia nafarrarena da esaldia eta dagokion kartela – eta emakumeen autoestimua indartzea da helburua. Takarraran ipini diote izena lasterketari eta hala azaldu zuen Yolanda Perez de Arenaza Aukeako zinegotziak: "kirolak autoestimua jaso eta nor bere gorputzarekin hobeto sentiarazten du" eta horregatik bultzatu gura dituzte Arrasateko zein inguruetako emakume guztiak parte hartzera. Lasterketa "zabala" izatea gura dute eta 15 urtetik gorako emakumeei luzatzen diete proposamena, goiko muga barik. Hain justu 3 kilometroko ibilbide "erraza" egokitu dute erdialdetik zehar.
Hortaz, lehengo hamarrak sarituko dituzte eta partehartzaile guztiei kamiseta bana emango diete. Emakume Txokoak eta Aukeak elkarrekin antolatu dute ekimena. Dagoeneko eman daiteke izena Emakume Txokoan zein kiroldegian baina egunena bertan ere egin ahalko da.
Bazkari herrikoia
Kale-lasterketarekin batera, martxoaren 8an, bazkari herrikoia ere antolatu dute berritasun moduan. Emakume baserritarren azokak ere ez du huts egingo aurten eta, ohi moduan, iluntzean manifestazioa egingo dute 19:00etan. Horrez gain, martxoaren 7an Lilas dantza ikuskizuna egongo da eta 12an Ahotsak taldearekin batera bake prozesuetan inplikaturiko emakumeekin hitzaldia egongo da.